euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinar Pampako Lonkimai herrian jaiotako Maria Etxeberria altsasuarrak ehun urte bete ditu

2009/05/12

Maria Etxeberria bere urtebetetzeko kandelei putz egiten Jesus Gallardo semearekin (argazkia Guaixe)
Maria Etxeberria bere urtebetetzeko kandelei putz egiten Jesus Gallardo semearekin (argazkia Guaixe)

PUBLIZITATEA

Ehun urtek hamaika esperientzia eta gehiago bizitzeko parada ematen dute, eta Maria Etxeberria Mendiluze altsasuarraren kasuan bi kontinenteen arteko bidea egiteko adina ere izan dira. Maria Argentinar Pampako Lonkimai herrian jaio zen orain dela mende bat, hara joandako guraso altsasuarren alaba. 'Estancia' edo arrantxu batean hazi zen, behi basatiak zaintzen eta gaztea zelarik familia Altsasura bueltatu zen. Ehungarren urtebetetzean Sakanako Guaixe aldizkariak guk jarraian laburbiltzen dugun elkarrizketa egin dio Mariaren seme Jesus Gallardori.

Altsasu, Nafarroa.  Guaixe herri aldizkariaren 'Hamaika galdera' atalean Jesus Gallardo altsasuarrak ehun urte bete berri dituen Maria Etxeberria Mendiluze amaren bizitzaren berri ematen du. 'Adimenari dagokionez, argitasun uneak baditu, baina, bestalde, hegan egiten du', azaltzen du Jesusek. Izan ere, María orain dela ehun urte jaio zen, eta ez da marka txarra: 'Bera Argentinan jaio zen, bere gurasoak, altsasuarrak, bertara joan baitziren lan egitera. La Pampan jaio zen, Lonkimai herrian, izen indioa da. Pampa erdian bizi ziren, estancia edo baserri batean, bakarrik, behi basatiak zaintzen', kontatzen du.

Lonkimai-n beste euskaldunik ere ba omen zegoen: 'Eurekin batera Iparraldeko gizon bat bizi zen, Bizkai izenekoa, 2 metro baino gehiagoko gizon jatorra, amaren aitapontekoa zena. Bizimodu gogorra zen: egunero zaldi gainean ganadua zaintzen, gauera arte. Amak Oesteko pelikuletan behiak lazoarekin harrapatzen ikusten zituenean beti esaten zuen: “aitak bezala!”.

Familia Maria txikia zelarik itzuli zen Altsasura bost seme-alabekin. Gero aitak berriz ere atzerrira joan behar izan zuen lan bila, oraingoan Nevadara artzain, baina familia Altsasun geratu zen, azienda lanetan. 'Ama idiekin ibiltzen zen, 13 urte zituela… Orain jendea kexatu egiten da, baina haiek bai garai latzak!', dio Jesusek.

Nahiz eta Argentinan jaio, txikitan Mariak ez omen zekien gaztelaniaz. 'Baina eskolara joaterakoan burla egiten zieten eta euskaraz aritzeari utzi zioten. Eta nik ez dakit apenas. Beldur eta errepresio handia zegoen orduan', onartzen du Jesusek.

Elkarrizketa osoa, hemen.

Eta Jesus Gallardo-ri eginiko elkarrizketa (badu zer kontatu, 'Doctor Zhivago pelikulako tren gidaria izan omen zen), hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia