Sabrina Otegi, Buenos Aires. Asteazken arratsaldean, abuztuaren 10ean, heldu zitzaigun berri txarra, ustekabe handia, dudarik gabe gutako gehienontzat: Puerto Madryn-en hil da Maria Julia Ercoreca, bertako eta Argentina osoko euskaldunen artean hutsune handi bat utziz.
Maipu-n jaioa zen Maria Julia Ercoreca Ibargurengoitia, Buenos Airesko probintzia argentinarrean. Txikitatik sartu zen euskal dantzen munduan, hasieran Mar del Platako Beti Alai dantza taldean. 1975ean, 22 urte zituela, Euskal Herrira bidaiatu zen, eta bertan sendotu zitzaion euskal kultura eta Euskal Herriarekiko maitasunak Maipuko Euskal Etxea sortzaileetako bat izatera eramango zuen.
Baina 'sortzaile' hitzaren definizioa, hiztegiak dakarrena baino askoz zabalagoa zen Maria Juliarentzat: "Euskal etxe bat sortzea ezin da bidaiaren lehenengo urratsa izan", esaten zion EuskalKultura.com-i aurten bertan egin genion elkarrizketa batean. "Erakundeak Euskal Herriko kulturaren aldeko lanaren emaitza izan behar du, bestela euskal etxea izen huts bat baino ez da izango”, azaldu zigun.
Pentsaera honekin bat, bere eskutik, Maipuko Anaitasuna Euskal Etxea berrehun bat dantzari izatera heldu zen eta bere eskutik ere euskal festa eta Euskal Asteak antolatu eta Argentinan egiten ziren euskal dantza ikuskizunak berritu egin ziren, Euskal Herrira egindako bidaian bertako dantzariekin harremandu eta trebatu, eta Argentinan partekatzeko ideia eta kontzeptu berriak ekarri zituelako.
1996an, Puerto Madrynera bizitzera pasatu zen eta heldu bezain pronto ohartu zen Patagoniako hiri honetan euskal jatorrizko jende asko zegoela, baina ez elkar zitzakeen elkarterik. Erronka berria zen, baina bere ohiko indarra lagun, emeki hasi zen bide hori ibiltzen, gero bilerak antolatzen eta euskal komunitatea batzen Chubut probintziako hirian. Dantzari gaztetxoen talde txiki bat sortu zuen lehenik.
Oinarrizko urratsetatik abiatu zen. Argi zeuzkan ideia aplikatuz --“Euskal etxe baten hazia eta etorkizuna bere dantza taldean datzate”-- harrobia lantzen hasi zen. Ildo horri segituz egindako lanek bere fruitua eman zuten eta 2008an, Puerto Madryn-en antolatu zuen lehenengo 'San Migel' jaiak, laurehun bat lagun bildu zituen.
Bertako jendearen engaiamendua euskal proiektuarekiko haziz eta handituz joan zen, eta dantza taldea sendotuta eta haurrak eta haiekin batera euren gurasoak eta familia osoak euskal helburu batera bilduta, bigarren urratsa berez etorri zen: “Lagunen eta herriaren erantzunak ikusita, gaur ez dut zalantzarik… zertarako itxaron? Euskal etxea sortzeko momentua heldu da”, adierazten zigun pozik joan den maiatzean, 'Etorritakoengatik' izena hartu zuen euskal etxe berriaren lehenengo Zuzendaritza Batzordea osatu zenean, Maria Julia bera lehendakari hautaturik.
Berak aurreratu zigun Puerto Madryngo 'Etorritakoengatik' Euskal Etxearen inaugurazioa datorren irailean egingo dela, eta bihotzetik espero dugu Maria Juliaren lagunek behar duten indarra eta kemena izatea aitzindari izan duten maiputarrak espero zuen jai alaia eta koloretsua, egiteko. Berak erein zuen hazia gainerakooi tokatzen zaigu zaindu eta ureztatzea, egoki eta sano haz dadin.
Gogorra izango da bera hor ez dela segitzea, bere presentzia, bere sostengua, bere ezagutza eta bere bizipoza gabe. Bere hazia, ordea, aspaldi hasi zen loretzen berak ondutako lur argentinarretan, berarekin lan egindako euskaldunen barnean, nonahi, Madryn-en, Maipun, Mar del Platan... Maria Julia hor baitago, dantzari eta dantza bakoitzean, euskal kulturarekiko maitasunez ari garen bakoitzean, maitasun lezioa izan baita ororen buru utzi digun irakaspenik handiena.
(ikus Maria Julia Ercoreca gogoan)