euskal diaspora eta kultura
2013/05/16
PUBLIZITATEA
Saladillo, Argentina. Kaleratu berria du Saladilloko euskal etxeak bere 15. urtemugan parte hartzeko gonbitea. Festa uztailaren 8an burutuko da eta egitarauak Argentinako zein Euskal Herriko molde eta ohitura onenak batuko ditu. Batetik, eta Argentinako Independentzia egunaren bezperan egingo denez, gaueko menua erreki argentinar tipikoa izango da --txorizo, saiheski errea, entsalada eta ardoa-- eta bestetik, ikuskizunean Euskal Herriko musika eta dantzak bilduko dira talde euskal argentinarren eskutik.
2008ko esperientzia errepikatuz, musikaren ardura eta protagonismoa Arrecifeseko Maral taldeak izango du, Argentinako euskal munduan arras ezaguna den taldea, urtetik urtera plaza gehiago egiten dituena, denek gogoratzen baitute 'Lau teilatu'ren euren bertsioa edota hainbat euskal kanturi Mariana Dominé kantariak ateratzen dizkien diztirak. Cordobako Villa Marian, 2013ko Euskal Argentinar Aste Nazionalean partaidetza baieztatuta daukan talde honek euskal kanta tradizionalak --eta baita Argentinako baten bat ere--, eskainiko ditu elkarretaratzeari euskal erritmoen kolore hunkigarria ekarriz.
Ikuskizuna osatzeko, Argentinako Euskal Herrian, behar-beharrezkoak izan ohi dira dantzak. Kari horretara, eta etxe anfitrioiak gonbidaturik, Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeko dantzariek euskal dantza erakustaldia egingo dute. Jaiaren programaren barne, eta uztailaren 8a izanik, aipatu behar da afariaren baitan San Fermin eguna ere ospatuko dela.
Jakingarriak: Itxaropen Euskal Etxearen urtebetetze jaia uztailaren 8an izango da, Saladilloko Los Robles aretoan, gaueko 9etan. Sarrerak 180 peso balio ditu (errekia, edariak, pastela eta topa-egitea barne) helduentzat eta $100 umeentzat. Berrehun eserleku daude salgai eta erreserbak egiteko epea ekainaren 26a bukatuko da. Antolatzaileekin kontaktatzeko helbidea, silvinabordenave@yahoo.com.ar.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus