euskal diaspora eta kultura
2010/05/06
PUBLIZITATEA
Chascomus, Argentina. Oraindik ere heltzen ari dira gure erredakziora Gernikako Bonbardaketaren 73. urteurrenaren karietara hainbat euskal etxetan eginiko ekitaldiei buruzko berriak. "Arrazoia bistan da, data Euskal Herriaren eskubideen ikur bihurtu da eta Diasporako euskaldunek horren esanahia zabaldu nahi dute", azaldu dio EuskalKultura.com-i ekitaldiotako antolatzaileetako batek.
Chascomus hirian, Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak Bonbardaketaren 73. urteurrena ospatzeko gonbitea luzatu zion herriko komunitateari. Hitzordua maiatzaren 1ean izan zen, herriko Idenpendencia Plazan. Zeremoniari hasiera emateko, Euskal Etxeko idazkaria den Pedro Mauregui Larrandak hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei. Ondoren, Gernikako Haritzaren kimuaren alboan, “Eusko Hazia” dantza taldeko zuzendariak, Emiliano Armendarizek, Aurreskua dantzatu zuen Necocheako Iñaki Agostini Zubillaga txistuan laguntzaile.
[Euskal Etxeko dantza taldeko zuzendari Emiliano Armendarizek Aurreskua dantzatu zuen (argazkia EE)]
Jarraitzeko, Osmildo Aranchetbehera Euskal Etxeko alkateak, Teresa Ayerza de Ehul Batzordeko lehendakariordearekin batera, lore sorta bat ipini zuen arbolaren oinean. Augusto Infantek izan zuen gero Cesar Arrondok Bonbardaketari buruzko idatzitako dokumentua irakurtzeko ardura. Bukatzeko, Jerónimo Infanteren "Pueblo Vasco" izeneko abestia kantatu zen.
Atlantiko eta Parana Ibaiaren ertzetan
Mar del Platan, berriz, Denak Bat Euskal Etxeko txiki eta ertainentzako Euskara eta Kultura tailerreko kideek antolatu zuten ekimena. Apirilaren 24an, San Martin Plazan eta Gernikako Arbolaren muskilaren inguruan, azaldu zitzaien neska-mutilei zer gertatu zen Gernikan duela 73 urte. Entzundakoa ardatz hartuz, tailerreko ikasleek irudiak egin zituzten. Jarraitzeko, San Martin plazara bertaratu zirenek loreak landatu zituzten eta besarkada sinbolikoa eman zioten arbolari. Artikulu hau baliatuz, Euskal Etxeko arduradunek esker beroak eman nahi dizkiete ekintza antolatu zuten irakasleei eta parte hartu zuten jende guztiari, bai omenaldian, bai omenaldiaren ostean zerbitzatu zen gosarian.
[Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeko kideek besarkada sinbolikoa eman zioten Gernikako kimuari (argazkia EE)]
Rosarioko Zazpirak Bat-eko kideak, euren aldetik, apirilaren 26an elkartu ziren Bonbardaketa gogoratzeko. Bertako Gernika Plazan Argentinako bandera eta Ikurriña altxatu zituzten, Eusko Abendaren Ereserkia abestuz eta lore sorta utzi zuten euskal haritzaren alboan.
[Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko lagunek Gernika Plazan ospatu zuten (argazkiak EE)]
Montevideon ere beste hainbeste egin zuten eta Saltako euskal etxe uruguaitarra ere partaide izan da bonbardaketaren urteurrenean. Uruguaiko lagunek aipamen berezi bat jarri zuten euren blogean tristura handiko egun hau gogoan izateko.
Lotura interesgarriak
Saltoko Euskaldunen Taldea, Salto Uruguain
http://saltokoeuskaldunentaldea.blogspot.com/
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus