euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinan sortutako 'Euskalduna' Irakurle Klubak webgunea estreinatuz ekin dio bere bigarren urteari

2010/02/22

Euskalduna Irakurle Klubaren webgunearen irudia
Euskalduna Irakurle Klubaren webgunearen irudia

PUBLIZITATEA

Euskal literatura Argentinan ezagutaraztea dauka helburu. 2008. urtean hasi ziren biltzen Euskalduna elkarteko kideak Irakurle Klubaren oinarriak ezartzeko. Gogorra izan zen lana baina 2009ko martxoan Argentinan argitaratutako lehenengo liburua, Joan Mari Irigoienen 'Babilonia' kaleratu zuten gaztelaniaz. Horren ondoren Jose Miguel de Barandiaranen 'Mitología Vasca', Xabier Peñalverren 'Orígenes', eta Arantxa Urretabizkaiaren 'Cuaderno Rojo' helarazi zizkieten klubaren kideei. Orain, euskal kulturaren alde lan egiten ari den elkarte honek webgunea estreinatu du. Orri honetan informazio eskura daiteke klubaz, bere liburuez eta euskal idazleez. Liburuei buruz eztabaida gune bat ere badago. Webgunea abian da jadanik eta bi astetan 2.300 bisita izan dituztela adierazi dute Euskalduna-koek.

Buenos Aires, Argentina. 'Euskalduna' Argentinan garatu den euskal gaiei buruzko Irakurle Kluba da. Elkarteko kideek Euskal Herriko proposamen kulturalak, gai ezberdinetako liburuak eta diskoak jaso ditzateke kuota apal baten truke. Joan den urtea lehenengoa izan zen eta nahiz eta pentsatutako plan guztiak burutzea ez zitzaien erraza egin, izen handiko obrak argitaratzea lortu zuten. 'Kontuan izan behar dugu irabazteko asmorik gabeko proiektu kulturala garela', azaltzen du Klubaren arduradunetakoa den Diego Gonzalezek. 'Gutxi gara lanean eta nahiz eta Euskal Herriko pentsalari eta literatura aditu, irakasle eta kultur eragileen laguntza dugun, batzuetan ez gara heltzen eginkizun guztiak betetzera'.

'Esan beharra dago, ordea, Klubeko kideek zorion agurrak helarazi dizkigutela', segitzen du Gonzalezek, 'gure lana bultzatzeko. Esaten digutenez, gustura daude jasotako liburuekin eta argi daukate ez dagoela beste biderik material hori Argentinan eskuratzeko, prezio onean gainera'. 2009an zehar, narratiba arloko bi testu argitaratu dituzte gaztelaniaz: Joan Mari Irigoienen 'Babilonia' eta Arantxa Urretabizkaiaren 'Koaderno Gorria'. Saiakera arloari dagokionez ere bi testu atera dira hizkuntza berean: Jose Miguel Barandiaranen 'Euskal Mitologia' eta Xabier Peñalverren 'Orígenes'.

Webgunea eta aldizkari digitala

'2010ari begira, proposamen handiak ditugu, eta horrek dakarren erantzukizuna ere hor dago, noski. Lan handia daukagu aurrean baina esaera zaharrak dioenez, “Gustuko lanean, aldaparik ez”'.

Aurten zein liburu argitaratuko dituzten eta zein ekintzak antolatuko diren erabaki behar dute. Horretaz gain, euskal etxe gehiago bisitatuko dituzte Euskalduna proiektuaren arduradunek kide berriak lortze aldera. Bitartean, beste ekintza batzuen artean, buru belarri dabiltza Gonzalez eta bere lankideak webgunea (www.euskalduna.com.ar) biziarazten. 'Aldi berean aldizkari digital bat egiten ari gara dauzkagun elkarrizketak webgunean jarriz', adierazi dio Gonzalezek EuskalKultura.com-i. 'Oso pozik gaude webgunearen orain arteko harrerarekin', gehitzen du, 'lehenengo egunean 350 pertsona sartu baitziren, bigarrenean 640 eta gaur arte 2.300 bat. Orain bideari eutsi behar. Guztion laguntzarekin egingo dugu'.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia