euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Argentinan Euskaraz'en 20. urtemuga da aurten eta FEVAk ospakizunetan parte hartzeko gonbitea luzatu du

2010/02/18

Macachinen egindako lehenengo barnetegian parte hartu zuten ikasle eta irakasleen erretratua
Macachinen egindako lehenengo barnetegian parte hartu zuten ikasle eta irakasleen erretratua

PUBLIZITATEA

Gauza gutxirekin heltzen ziren XIX. mendeko etorkinak Argentinako portuetara. Baina bakoitzak, herri guztietako immigranteek, beren altxor preziatuena zekarten: ama hizkuntza. Euskaldunek euskara ekarri zuten Hegoameriketara eta familia barruan zein orduan sortzen hasi ziren euskal etxeetan ere mintzatzen zuten. Hasieran, belaunaldi berriei irakatsi zieten. Denborarekin, kate horri eustea ez zen erraza eta euskal etxeko kideak konturatu ziren gero eta euskara gutxiago entzuten zela euren artean. Hiztunek klaseak ematen hasi ziren orduan; euskal etxe batzuetan, ordea, ez zegoen irakatsi ahal zuenik. Testuinguru horretan Argentinan bertan euskara irakasleak trebatzeko ideia sortu zen. Duela hogei urte jaio zen 'Argentinan Euskaraz' proiektua, euskara Argentinan zehar zabaldu zuen programa.

Buenos Aires, Argentina. Orain dela 20 urte, lehenbizikoz elkartu ziren gazte batzuk La Pampako Macachin herrian euskara ikasteko. Seguruenik momentu hartan inork ez zuen pentsatu ere egingo lehenengo 'barnetegi' hura, zerrenda zinez luze baten lehenengoa izango zenik eta euren ondoren makina bat ikaslek ikasiko zutenik euskara Argentinan. Antolatzaileek, irakasleek eta ikasleek ez zuten batere pentsatuko eurak Argentinan bultzatutako esperientzia beste herrialde batzuetan euskara irakasteko eredu bihurtuko zenik. 1990. urtean bildutako taldeak ez zuen imajinatuko baina hau dena egia bilakatu da; hau guztia dela eta, FEVAk –gaur egun HABErekin batera proiektua aurrera eramaten duen instituzioak – 20. urtemugaren ospakizunetan parte hartzeko gonbitea luzatzen du, badago-eta zer ospatua, EuskalKultura.com-i esan dionez.

Argentinako Federazioak proposamen batzuk bildu nahi ditu ospakizunetan parte hartzeko gogoa dutenengandik, guztien ideiak, materialak, ekoizpenak jasotzeko eta bideratzeko. Oraingoz, urtean zehar egin litezkeen ekintzen behin-behineko zerrenda kaleratu dute. Ikasle, irakasle, bazkide, eta euskararen lagunei asmoak eta iradokizunak bidaltzea eskertuko diete.

Proposamenak:

  • "Argentinan Euskaraz: 20. urteurrena" logo txapelketa.
  • 1990-2010en artean barnetegietan trebatutako irakasleen datu basea osatzeko kontaktuak egunaraztea
  • FEVAren webgunean Argentinaz Euskaraz-erako esparru berezia sortzea. Bertan:
         - argazki-galeria: irakasleei barnetegietan hartutako bostna argazki bidaltzeko eskatuko zaie galeria osatzeko
         - barnetegietan eskolak eman dituzten eta trebatu ziren irakasleen esparrua sortzea, haien argazki eta perfilez
  • Bertsolaritza: gaia eta doinua jarrita, bertsoak sortzeko deialdia
  • “Euskara zure Euskal Etxean”, “Zure esperientzia euskararekin”, horren inguruko lekukotasunen jasoketa
  • Euskal Asterako ekintzak, Mar del Platako Denak Bat euskal etxearekin batera planifikatzeko
  • Argentinan emandako lehenengo barnetegian, Macachinekoan hain zuzen, klaseak eman zituzten irakasleei Euskal Astean etortzeko gonbidapena luzatzea, bertan urtean zehar egingo diren ekintzei amaiera emango zaielakoan
  • Urteurrenaren inguruan sortzen den materialaz erakusketa edota dossierra osatu eta argitaratzea.

Hauek dira FEVAk proposatutako jarduerak. Dena den, eta erantzunak jaso ahala behin-behineko plana zehaztuko da. Federazioak eskertuko du erantzunak ahalik eta azkarren bidaltzea, ekintzak martxoan abian jartzeko asmoa baitu.

Lotura interesgarriak

HABE erakundea
www.habe.org

Argentinako Federazioa
www.fevaonline.org.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia