Arrakasta handia izan du Tandilgo euskal etxean ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketak. Izan ere euskal etxeko jende ugari eta baita eskoletako ikasleak ere bertaratu dira Gure Etxea-ra euskaldunen hizkuntzaz gehiago ezagutzeko. Biraren bigarren geldialdia Tres Arroyosen izango da, datorren asteartetik urriaren 5era arte, eta horren ostean Azulen, Cnel. Pringlesen eta Macachinen jarriko da ikusgai. Azaroaren erdialdera Buenos Airesera bueltatuko da ENEren ospakizunetan egoteko.
Tandil, Argentina. HABE eta FEVAren laguntzarekin Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzak prestatutako ‘Euskara Argentinan. Euskararen pausoen atzetik’ erakusketa ibiltariak euskaldunen hizkuntzaren historia azaltzen du, gaur egungo egoera eta batez ere bere presentzia Argentinan..
Hemeretzi panelek osatuta, hiriz hiri eta euskal etxez euskal etxe ibiltzeko izan da diseinatua eta Tandil hirian hasi zuen joan den larunbatean ibilbide hori, irailaren 19an. Inaugurazioan etxeko lehendakari Marily Harguindeguyk eman zion ongietorria publikoari eta hitzaldiko hizlariak aurkeztu zituen. Ekintaldian Isidro Legarretak eta Valeria Aramburuk izan zuten euskarari, eta 'Argentinan Euskaraz' programari buruz hitz egiteko ardura. Gogora dezagun Legarreta euskal etxeko lehenengo irakaslea izan zela eta Aramburu Argentinan Euskaraz programan trebatu eta irakasle aritu zela hainbat urtetan.
Komunitateari begira
Baina erakusketa ibiltariaren helburua da, batez ere, komunitate osoarengana iristea eta ondo baino hobeto betetzen ari da xedea Tandilen. Euskal etxeak gonbidatuta De la Sierra eskolako 1. mailako ikasleek Gure Etxea bisitatu dute eta eskolahorretan irakasle den Valeria Arambururen eskutik erakusketaren panelak banan-banan azaldu eta aztertu dituzte.
Asteartean, Tres Arroyosen; gero Azul, Cnel. Pringles, Macachin…
Euskal etxeekin batera Ordezkaritza antolatzen ari den programari jarraituz, gaur bertan bukatuko da erakustaldia Tandilen, bertatik Tres Arroyosera abiatzeko. Han Hiru Erreka euskal etxeanre egoitzan egongo da ikusgai irailaren 29tik urriaren 5era, arratsaldez, 7etatik 9etara. Sarrera doan da eta euskal etxeak taberna zerbitzua eskainiko die bisitariei.
Tres Arroyos hiria utzita, erakusketak bideari ekingo dio berriro ere Azul, Cnel. Pringles eta Macachin euskal etxeak helmuga. Macachinen, gainera, Euskal Aste Nazioanaleko programa barruan erakutsiko da. Azaroaren erdialdera, Buenos Airesera bidaiatuko dira berriro panelak hiriburuan Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatzeko burutuko diren ekintzetan parte izateko.