Liburuak euskara eta euskararen irakaskuntza Argentinan nola mantendu, garatu eta zabaldu den azalduko du, XIX. mendetik hasi eta gaur arte. Margarita Mignaburu egilearen esanetan, “proiektuak oinarri dokumental sendoa ekarriko du euskararen egoera ezagutarazteko baina batez ere gai honi buruz dagoen ‘hutsune bibliografikoa’ betetzeko”. Liburua abenduan aurkeztuko dute Buenos Airesen, Euskararen Nazioarteko Eguneko (ENE) ekitaldien baitan.
Buenos Aires, Argentina. Argentinan bertako euskara irakasleak trebatzeko helburua duen Argentinan Euskaraz [gaur egun Euskara Munduan bilakatua] proiektua 25 urte betetzen ari da aurten eta Euskal Herriko hizkuntza Argentinan –eta Hego Amerikan– mantendu eta zabaltzeko ardura hartua duten FEVAk, Euskadiko Ordezkaritzak eta HABEk ekintza ugariko programa jarri dute abian garrantzi handiko urtemuga hau ospatzeko.
Honen barruan, eta HABE eta FEVAren babesarekin, Argentinan euskarak eta bere irakaskuntzak izan duen presentziari buruzko liburua ari da prestatzen Magdalena Mignaburu irakaslea. Testua gaztelaniaz eta euskaraz argitaratuko da, zazpi ataletan antolatuta (lehenengo bietan immigrazio garaia aztertzen da; besteetan, Argentinan Euskaraz programaren garapena eta emaitzak) eta hainbat elkarrizketa, datu eta argazki ekarriko ditu.
Liburuaren funtsa eta helburuak
“Euskal gizataldearentzat izango duen garrantziaz aparte, egindako ikerlana oso baliagarria izango da Argentinako eta hain zuzen ere Buenos Aires probintziako kultur aniztasunari ekarpen bat egiteko. Ez dezagun ahaztu euskal kolektibitateak betidanik izandako eragina kolonia garaitik gaur egun arte” azaldu dio Mignaburuk EuskalKultura.com-i.
“Hori dela eta –jarraitzen du idazleak– beharrezkoa da euskarak Argentinan daukan historia osatzea, eta honako galdera hauek erantzunez egin dugu: zer nolako etapak zeharkatu ditu euskarak erabilerari eta zabaltzeari dagokienez? Zer nolako barruko edota kanpoko eraginak izan ditu? Nortzuk izan dira bultzatzaileak? Nolakoak izan dira euskararen inguruko aktibitateak? Zeintzuk izan dira euskararen alde lan egin duten erakundeak? Zein izan da euskal etxeen joera? Zein ekintza antolatu dute elkarrekin FEVAk, HABEk eta Eusko Jaurlaritzak? Nola dago antolatuta gaur egun irakaskuntza sistematikoa? Zer nolako eragina izan du Argentinan Euskaraz proiektuak Argentinako euskaldun kopuruaren handitzean?”.
Aurkezpena
Liburua abenduan aurkeztuko da Buenos Airesen, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta FEVAk, HABEk eta Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzak antolatuko dituen ekitaldien barruan. Egileak gaztelaniaz idatzi du eta une honetan euskaratzen ari dira, HABEren eskutik. ENEren ospakizunak Buenos Airesko Liburutegi Nazionalean eta Liburuaren Museoan izango dira.