Hamaika ekitaldi egingo dira abendura bitartean herrialdean zehar, euskara irakasle argentinarrak trebatzeko programaren 25. urteurrena ospatzeko. Hitzaldiak, elkarretaratzeak, lehiaketak eta jaiak ere antolatu dira, guztiak euskaraz edo euskararen inguruan. Proposamenak abiatu dira dagoeneko eta FEVAtik biziro animatzen dituzte ikasle eta irakasleak, euskararen alde lan egiten duen jendea eta publiko orokorra jardueretan parte har dezaten.
Buenos Aires, Argentina. HABE institutua sustatzaile, ekintzez betetako urtea izango dute 2015 hau Argentinan euskararen lagunek. Izan ere, Argentinan Euskaraz programaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldiak hasiak dira jadanik eta beste hainbat datozen aste eta hilabeteetan garatuko dira.
Ospakizun programaren baitan, Urteurren Logotipoa hautatu zen urte hasieran eta Cañuelasko Denak Bat euskal etxeak antolatutako Aberri Eguneko Dantzarien Topaketan euskara zabaltzeko aktibitate bat ere gauzatu zuten. Hona urtea bukatu arte federazio euskal-argentinarrak prestatu eta jakinarazi duen egitaraua:
-Maiatzaren 10ean, ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian euskara zabaltzeko stand bat muntatuko da. Euskararen txokoan, hizkuntza zabaltzeko jolasak egingo dira publiko orokorrari zuzenduak
-Maiatz-ekainean, “Euskarak Munduari Bira”: Euskal Herrian ikasturtea bukatzeko egiten den jaialdian ere hartuko dute parte Argentinako euskara ikasleek. Aurtengo irakurgaia, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak izango da
-Ekainean, Euskal Aste Nazionaleko lehiaketen hasiera: urtero bezala, afixa eta idazlan txapelketak egingo dira; umeei postalak egitera gonbidatuko zaie
-Uztailean, Euskara Munduan programako Neguko Barnetegia (uztailaren 18tik 25era); Irakasleen Topaketa (uztailaren 25etik 26era); “Izan ala ez izan” sketch lehiaketaren hasiera. Parte hartzaileek filmatu egingo dituzte euren sketch-ak eta irabazleek Buenos Airesen abenduan egingo den Euskararen Egueneko jaian aurkeztuko dituzte
-Abuztuaren 15 eta 16an, ‘Euskaraldia’, euskal etxeetako euskara ikasleen topaketa. “Lekuan lekuko” lehiaketaren hasiera. “Lekuan lekuko” argazkia lehiaketa bat da eta euskararekin lotura duten hamabi irudi hautatzea du helburu. Asmoa, 2016ko euskal egutegia sortzea
-Irailean, Umeen Topaketa
-Urrian, Euskal Aste Nazionala Macachinen
-Abenduaren 1etik 4ra, “Izan ala ez izan” lehiaketaren sketch irabazleen aurkezpena. “Lekuan lekuko” lehiaketaren bukaera. Argentina-Mercosurrerako Euskadiren Ordezkaritzak antolatutako euskarari buruzko erakusketa; Patxi Baztarrika irakaslearen hitzaldia Buenos Aireseko Liburutegi Nazionaleko Liburuaren Museoan; Magdalena Mignaburuk "euskararen presentzia Argentinan" gai hartuta idatzitako liburuaren aurkezpena.