Diseinua Rio Cuartoko euskal etxeko kide den Manuel Ignacio Campoamor Ascacibar-ek asmatua da eta urte osoan zehar egingo diren urteurreneko jarduerak zabaltzeko erabiliko da. Irudian, 25 zenbakia eta Argentinako bandera eta ikurrinaren koloreak ikus daitezke.
Buenos Aires, Argentina. Argentinan eta Argentinarako euskara irakasleak trebatzeko helburua duen proiektua 25 urte betetzen ari da aurten eta herrialdeko euskaltzale guztiak irrikan daude urtean zehar garatzen joango diren ekintzetan parte hartzeko. Izan ere, egitarau oparoa iragarri dute Argentinako erakunde batzuek, HABEren babesarekin urtean zehar garatzeko eta abenduan, Euskararen Nazioarteko Egunean, ekitaldi handi batekin bukatzeko.
Ospakizunei lotuta, 25. Urteurrenaren irudia aukeratzeko lehiaketa antolatu zuen FEVAk eta diseinu hautatua jakinarazi berria da. Irabazlea Rio Cuartoko Manuel Ignacio Campoamor Ascacibar da eta hitz hauekin deskribatu du bere lana: “Logotipoak kolore eta forma dinamikoak nahasten ditu 25 zenbakia eta atzealdean agertzen den trapezioa osatzeko. Erabilitako koloreak, gorri, zuri eta berdea, ikurrinarenak dira, eta urdin argi, zuri eta eguzkiaren horia, Argentinako banderarenak. Testuaren tipografiak euskal eta ‘Sin Serif’ tipografiak dira eta ondo geratzen dira zenbakiaren itxurarekin. Asmoa da era serio eta labur batean Argentinan Euskarazen 25. Urteurrena dela adieraztea”.
Logotipoaren egileari dagokionez, Rio Cuartoko Gure Ametza euskal etxeko idazkaria da, 28 urte dituen gaztea. Pilotaria eta euskara ikaslea ere bada.