Euskal Herriko hainbat herritan bezala, Argentinan ere piztu da aste honetan San Juan sua, tokian tokiko euskal etxearen esku, negu gorrian eta tenperatura baxuei aurre eginez. Horren adierazgarri, Bahia Blanca, Necochea, Pergamino, Tandil eta Viedman eginiko hitzorduen berri ekarri dugu argazki galeria gisa. Trenque Lauquenen kasuan , berriz, aldatu behar izan zuten data eguraldia kari, eta gaurko deitu dute, hiriko Tren Geltokian.
Bahía Blanca, Argentina. Urtero errepikatzen den ohitura bada ere, urtero berriro ere liluratu egiten da jendea suaren inguruan egiten den erritu honekin. Suaren inguruko mistikak, tradizioak edo auskalo zerk erakarrita, publiko ugarik hartu ohi du parte herri batzuetan euskal etxeek antolatzen dituzten ekitaldietan. Zenbaitetan etxekoentzat, beste batzuetan kanpoan edonori zabalik, baina beti ere mitoak, sineskeria, artea eta ikuskizuna biltzen dituen ohitura honi eusteko.
Hitzorduen adierazgarri, Bahia Blanca, Necochea, Pergamino, Tandil eta Viedma hirietako euskal etxeek ekintza jendetsu eta koloredunak burutu dituzte aurten, gure argazki galeriak erakusten duenez. Trenque Lauquenengo Euskal Sustraiak-ek antolatutakoa, eguraldiagatik ezin izan zen ekainaren 27an burutu eta gaur izango da, arratsaldeko 6:30etan, Tren Geltokiko lur eremuan. Dantza ikuskizunez aparte, txokolate beroa ere eskainiko diote publikoari.