Buenos Aires, Argentina. "Ez dago bi, hiru gabe", dio atsotitzak eta hala baieztatu du Goizaldik Argentinara gaur hasiko duen bisitan. 1948an sortua, euskal dantza tradizionalaren erreferente den talde donostiar honek ibilbide aitortua du Euskal Herrian zein nazioartean, hainbat jaialdi eta lehiaketatan partaide eta euskal dantzaren erakusgarri beste hamaika agertokitan, tartean Diasporan. Argentinara 2.000an egin zuten lehenengo bidaia, euskal etxe askotara helduz bi asteko egonaldian. 2.004an itzuliko ziren, hiru geldialdi izan zituen osteran, Rosarion, Paranan eta Suipachan. Egungo bisitan, 25 kideko taldea etorri dira, dantzari eta musikariak, eta oraingoan ere ikusmin handia piztu dute. Necochea, La Plata eta Buenos Aireseraino iritsiko dira eskainiko dituzten dantza eta tailerrekin. Ezinbesteko hitzordua dantzazaleentzat.
Necochea, Buenos Aires, La Plata
Uztailaren 25ean, ostegunez, Necocheara iritsiko dira eta harrera afari eder batekin loriatuko dituzte Euzko Etxearen egoitzan. Ostiralean, birako aurreneko emanaldia eskainiko dute bertako Jai Aretoan, 20etan, erromeria batekin segidan. Larunbatean, 17etan, dantza ikastaro edo 'klinika' bat emango dute, zenbait euskal dantza tradizional irakatsiz, zale guztiei irekita egongo den tailer batean. Kostaldeko hiriari bisita amaitzen, gau horretan bertan San Inazio Afaria partekatuko dute bertako lagunekin. Necocheako Gazte Alai dantza taldea dantzari arituko dela.
Bigarren hitzordua Buenos Aires hirian izango da. Asteazkenean, uztailaren 31ean, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean, emanaldia eta klase ireki bat eskainiko dute, hiriko euskal etxeetako dantzariei zuzendua. Ondoren, afari bat partekatuko dute klasean ibilitakoekin. Afaldu nahi dutenek erreserba egin beharko dute, Laurak Bateko idazkaritzarekin harremanetan jarriz 11-3635-4130 telefonora. Ekitaldia arratsaldeko 18:30tan hasiko da, hiriburuko Av. Belgrano 1144an.
Hirugarren eta azken geldialdia La Platan izango da. Abuztuaren 2an, ostiraleko 19:30ean Euzko Etxean, taldearen ibilbidea jasotzen duen “Goizaldi 75 urte dantzan” dokumentala pantailaratuko dute. Larunbatean, abuztuaren 3an, bi dantza tailer eskainiko dituzte. Arratsaldean, 15etan, 15 urtetik gorako dantzarientzat, eta 17etan, 7 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat. Ilunabarrean, 8etan, dantza eta musika ikuskizuna eskainiko dute eta segidan Euzko Etxeko kiroldegian, erromeria abiatuko da, kantina zerbitzua zabalik.