euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinan bere 32. jardun-urtea hasia duen Presencia Vasca irratsaioak 2021 Aberri Eguna ospatu du Paranátik lanean

2021/04/06

Federico Borras Alcain buru duen Presencia Vasca irratsaio euskal-argentinarrak Aberri Egunari eskaini zion igandean saioa
Federico Borras Alcain buru duen Presencia Vasca irratsaio euskal-argentinarrak Aberri Egunari eskaini zion igandean saioa

PUBLIZITATEA

Paraná, Argentina. Eta ospatu ere, hobekien dakien moduan ospatu du: saioa beste aste batez ekoizten, eta hondar-ale berri bat jartzen Diasporatik euskal kultur bizitzari etengabe egiten zaizkion ekarpenei. Astero esatari eta zuzendari duen Federico Borrás Alcain euskal-argentinarra buru, Presencia Vascak bat egin zuen igandean Aberri Egunarekin, eta saioan zehar solaskide izan zituen ospakizuna aipagai Iñaki Anasagasti eta Jasone Agirre, Euskal Herritik, eta Mikel Ezkerro eta Verónica Zulaica Argentina beretik.

Oroi dezagun Federico Borrasen aitona zen on Raúl Alcain-ek 1989an sortu zuen irratsaio honek martxoan bete berri dituela 31 urte, eta martxoaren 14an ekin ziela, hain zuzen, 2021 urtealdi berriko saioei, etenik gabeko bere 32. sasoiari hasiera emanez. Atzean, euskaltasun sentimentu engaiatua eta urtetako ahalegin bolondres etengabea topatu behar zaizkio, mikroaren bi aldeetan. Emisioak igandero aireratzen ditu 11:00etatik 12:00etara Argentinako ordutegian (Euskal Herriko 16:00etatik 17:00etara) zuzenean Radio Universidad-eko LRI seinalean (105.7 Mhz), UTN Unibertsitate Teknologiko Nazionalaren Paranáko Adarraren emisora denez, edo online zuzenean www.fmuniversidad.com-en bidez entzun daiteke.

Irratsaioko eduki eta elkarrizketak-eta, emisio ondoren ere entzun daitezke Ivoox bidez. Aurtengo azken elkarrizketen artean daude, konparazio, Rosarioko Zazpirak Bat EEko lehendakari hautatu berria den Guillermo Canut Garramiolari egindakoa, edo solasaldiak Silvia Iriondo kantariarekin, Entre Riosko Gizataldeen idazkari Sebastián Tommasirekin, eta Urrundik EEko Juan Carlos Borrás lehendakariarekin; iazko azkenetakoak dira Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Garbiñe Iztuetarekin egindakoa, edo berbaldiak Gontzal Mendibil kantariarekin, Federico Van Lacke kirolariarekin edo Comahue aldera emigratu eta bertan 'Entre Vascos' irratsaioa sortu zuen Rafa Molina durangarrarekin; eta horiekin batera, Mikel Ezkerroren editorialak eta lankidetzak Presencia Vascako ohiko EKo kolaboratzaile  Iñaki García Uriberekin.

Federico Borrás-ek aitortu dio EuskalKultura.eus-i Covid-18aren erasoa oso erronka handia izan duela Presencia Vascak, baina sendo eta egokituz erantzun ahal izan diotela egoera berriari, hasieran irratsaioak etxetik eginez --eta etxetik egiten ikasiz-- baina aurrera eginez beti, eta entzuleekiko hitzorduari eta proiektuaren apustuari eutsiz, gaur egun internet medio Entre Rios eta Argentinan, baina baita Euskal Herrian eta Diasporaren gainerakoan ere baitituzte entzuleak. Mereximendua ez zaio batera falta hiru hamarkadatik gora etengabeko lanean daraman ekimen honi.

Zorionak eta aurrera, Presencia Vasca!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia