euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako zenbait euskal etxek, tartean Chivilcoy eta Gral. Villegasekoek, Haurraren Eguna ospatu zuten

2007/08/16

Gral. Villegaseko Rubén Pinedo artistak 'Zirko txikia' ikuskizuna eskaini zien bere herriko haurrei
Gral. Villegaseko Rubén Pinedo artistak 'Zirko txikia' ikuskizuna eskaini zien bere herriko haurrei

PUBLIZITATEA

Berrogeita hamar urtetik gora dira Argentinan Haurraren Eguna ospatzen dela. Gaur egun abuztuko bigarren igandean egiten da eta euskal etxe batzuk ere antolatu zituzten joan den asteburuan ekitaldi bereziak euren barneko eta inguruko haurrei eskainiak. Honela egin zuten, esaterako, Chivilcoy-ko 'Beti Aurrera'koek, euren egoitza ondoko eskola bateko haurreak gonbidatuz, eta 'Villegasko Euskaldunak'ekoek, gauza beretsua eginez zirko ikuskizun batekin.
Chivilcoy-ko 'Beti Aurrera'k --Buenos Aireseko probintzian-- eta bere dantza taldeak, euskal etxearen auzoko Escuela de Doble Jornada nº 65 delakoko haurrekin batera ospatu zuten eguna. Ekitaldia eskolako aretorik handienean hasi zen. Bertara bildu ziren haurrek euskal kultura gaiez, euskaldunek Argentinara emigratzeaz eta ondorioz euren burua euskal etxetan antolatzeaz solastu eta galdegiteko parada izan zuten. 'Beti Aurrera'ko kideek euren euskal etxearen ixtorioa kontatu zieten eta zabaldu berria dutela egoitza, elkarteak gazteentzat egiten dituen ekintzetan parte hartzera deituz.

[Chivilcoyko 'Beti Aurrera'ko kideek eta elkarteko dantza taldeko gazteek EEa dagoen auzo bereko 'Escuela de Doble Jornada nº 65' delako gaztetxoekin partekatu zuten Haurraren Eguna. Bi erakundeotako haurrek bakoitza bere ikuskizuna eskaini zioten besteari eta denbora goxoa pasatu zuten, tartean sormena landuz eta, euskal etxeak gonbidaturik, txokolatea eta bizkotxak hartuz, baita ere ondotik zozketa bati eta opari banaketa bati ekinez]

Jarraian dantzari euskal chivilcoytarrek euskal dantzen emanaldia eskaini zuten eta 65 zenbakidun Eskolako ikasleek, bere aldetik, arratsaldez egin zuten murga tailer batean ikasitakoaren emaitzarekin edertu zuten ekitaldia. Azkenik, txokolatea eta bizkotxa hartzeko tenorea ere heldu zen, Euskal Etxeak gonbidaturik, eta Eskolako lagunek zozketak egin zituzten eta opariak banatu, bertan zeuden haur guztiek Haurraren Eguneko oroitzapen bana eraman zezaten euren etxeetara.

General Villegasen ere asmo eta alaitasun giro berarekin ospatu zuten Haurraren Eguna. Kasu honetan ikuskizuna eta partaidetza herri bereko artista baten eskutik etorri zen, zirko motako emanaldia eskaini baitzuen Rubén Pinedo artistak haur eta guraso guztien gozagarri. Parte hartu zuten haur gehienak euskal etxe ondoko Jardín de Infantes Nº 913 delakokoak ziren oraingoan. Arratsaldean zehar, aukera polita izan zuten txikienek ikuskizunean murgiltzeko, jokoetan parte hartzeko eta oro har sormena landuz une goxoa pasatzeko.


Lotura interesgarriak

Chivilcoyko Beti Aurrera Euskal Etxearen bloga
www.centrovascochivilcoy.blogspot.com

Chivilcoyko Euskal Etxeak Lagunaren Eguna ospatu zuen
2007ko uztailaren 24an EuskalKultura.com-en argitara emana

Bostehun bat jende Euskal Etxearen urtebetetzea ospatzen
2007ko uztailaren 13an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia