Santiago, Txile. Pandemiagatiko egoerak baldintzaturik, bere ohiko Euskal Kultur Astea modalitate birtualean garatu behar izan su aurten ere Txileko Santiagoko ‘Colectividad Vasca de Chile’ euskal elkarteak. Egoitzan aurrez-aurre elkartzeko eta fisikoki lagun artean ospatzeko aukera ez izateak “tristura handia” sortu zuen antolatzaileen artean; baina, birtualtasunak ere ekarri zuen onurarik,Txiletik kanpoko kultur taldeak gonbidatu baitzituzten parte hartzera. Erantzuna bikaina izan zen eta Argentinako eta Euskal Herriko zenbait musika eta dantza talde Asteko programara bildu ziren.
Hiru egunez luzatuko zen ekitaldi birtuala agintarien agurrekin hasi zen uztailaren 30ean: Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk agurra bidali zuen; ‘Estadio Español de Chile’ko presidente Juan Erenchun ere solastu zen; eta ‘Txileko Euskal Gizataldea’ Euskal Etxeko lehendakari Rossana Arzak ongietorri hitzakl luzatu zizkien ikusleei. Ondoren VII. Abesbatzen Topaketari eman zioten bidea eta euskal etxe anfitrioiko abesbatzak ez ezik, Gorlitzeko (Bizkaia) Lirain Abesbatzak eta Buenos Airesko Lagun Onak Abesbatzak ere euskal abesti tradizionalak eskaini zituzten.
[2021eko Txileko Euskal Kultur Aste Birtualeko lehenengo eguna: Abesbatzak]
Uztailaren 31an, San Ignazio egunean, dantzak eta txistua izan ziren programako protagonista. Txileko Euskal Gizataldeko “Euskaldiko Lagunak” dantza taldearekin batera, bideoek beste zenbait talde gerturatu zituzten, hala nola Argentinatik Chivilcoyko Beti Aurrera, Villa Mariako Euzko Etxea eta Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeetako dantzariak. Euskal Herritik baita Gasteizko Mulixka Dantza Taldea ere –bideoan Iñaki Perurenak Euskal Asterako propio grabatutako mezu bat ere baitaratu zuen– eta Getariako Alai Txistu Taldea eta Donostiako Udalaren Txistulari Taldea ere.
[Euskal Kultur Aste Birtualaren bigarren eguna: Dantza eta txistu taldeak]
Euskal Kultur Aste Birtualari amaiera emateko, abuztuaren 1ean Loiolako San Ignazioren omenezko meza transmititu zuten txiletarrek.
[Euskal Kultur Aste Birtualaren hirugarren eguna: Meza]