euskal diaspora eta kultura
2013/12/04
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Udako oporraldian euskal kulturan murgiltzeko aukera emate aldera, bere ateak irekiko dizkio datorren urteko otsailean Euskal Echea Eskolak Udako Euskal Unibertsitateari.
Seigarren edizio hau bi zatitan banatu da. Lehendabiziko astean ‘Euskal Kultura’ delako atala garatuko da, landuz, besteak beste, Historia, Arkitektura, Zinea, Musika, Dantza, Geografia, Kirolak eta Ekonomia; bigarren astean, berriz, ‘Euskal Herriaren jardunbidea’ izango da ikastaroko haria, eta ikasgaiak, Euskal Herriaren Historia, Zuzenbidea, Literatura, Liburutegiak, Etnologia, Erakundeak, Jantziak eta Euskera izango dira, besteak beste.
Programaren baitan, idazlanak egiteko denbora, eta Euskal Echea Institutuko Llavallolgo egoitzara txangoa izango dituzte ikasleek. Azken hau, 22an, larunbata, izango da eta bertan bazkaria partekatuko dute. Erakundeko lehendakari Simón P. Soroet-ek hitzaldia ekainiko die “Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkarteari” gai harturik. Nobedade gisa, Euskal Kulturan sakontzeko trebakuntza berezi bat zuzenduko zaie Euskal Echea Eskolako irakasleei ikastaroen lehenengo astean.
2014ko UVV-ren ekintzak otsailaren 28an, ostirala, bukatuko dira programa oparo batekin: goizean ikasleek euren lanak aurkeztuko dituzte; eguerdian sukaldaritza eskola praktikoa burutuko da; eta arratsaldean irakasle gonbidatu baten hitzaldia gauzatuko da. Unibertsitateko behin behineko programak dio Iñaki Perurenaren bisita bideratu nahian dabiltzala antolatzaileek. Ostiral berean, kontzertua, agiri banaketa, bedeinkazioa eta brindisa izango dira, antolakuntzakoek adierazi digutenez.
Gogora dezagun, ohi bezala, agiriak jasotzeko ezinbestekoa izango dela idazlana aurkeztea. Honekin batera %90eko asistentzia bildu beharko da.
Izena emateko epea abenduaren 16an bukatuko da eta aurrez aurre egin daiteke eskola bertan, hiriburu federalean (Sarandí 735ean), goizeko 10etatik 12etara eta ordu 2etatik 4etara edo e-mailez, infouvv@euskalechea.org.ar helbidera. Programa osoaren prezioa 200 pesokoa da (Llavallolgo Euskal Echearen egoitzara egingo den bisita eta bertako bazkaria barne) eta ikasgaiak banaka hartzekotan, 100 peso balioko ditu ikasgai bakoitzak. Antolatzaileek jakinarazi dute beka erdi bat eska daitekeela.
-Honetaz guztiaz informazio gehiago, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus