euskal diaspora eta kultura
2009/02/19
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Argentinako Udako Euskal Unibertsitateak bihar itxiko ditu bere lehenengo edizioko ateak, bi aste hauetan ikastaroak burutu dituzten ikasleei tituluak banatuz. Esperientziarekin oso pozik agertu dira ikasle zein irakasleak, eta Enrique Aramburuk EuskalKultura.com-i adierazi dionez, datorren negurako (hego hemisferioan abuztuan da negua) antzeko zerbait baina txikiagoa prestatu nahi dute eta ezbairik gabe Udako Unibertsitatearen bigarren edizioa egin nahiko lukete datorren urtean.
'Azken balioespena oso oso baikorra da', azaltzen du Enrique Aramburu. 'Ikasle gehienak Buenos Airesetik etorri dira, eta batzuk La Platatik, San Nicolasetik eta baita mila kilometrotara dagoen Chubutetik ere. Doako ikastaroa izanik, batzuk izena eman zuten nahiz eta jakin ezingo zirela klase guztietara etorri. Ez da erraza udan ikasleak klaseetan interesatuta mantentzea, baina aintzat hartu dute irakasleek egin duten lana, klaseak euren aisialdian prestatuz eta batzuk barnealdetik etorriz mintzaldia emateko'.
[Euskara klaseen arduradun izan den Belen Girasol Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko ikasleetako batzuekin mintzatzen]
Irakasleen engaiamendua
Irakasleen parte hartze eta engaiamenduari zor zaio egitasmoaren arrakastaren zati handi bat, antolatzaileen esanetan. Dozena bat irakaslek parte hartu dute ikastaroan, denak bolondres. Lehenengo astean euskal gai desberdinei buruzko mintzaldiak eman zituzten, eta bigarrenean lau ikastarotan sakondu zuten: Euskal Historia, Euskara, Euskal Erakundeak eta (hautatzeko) Antropologia edo Euskal Ekonomia.
[Ikastaroetan parte hartu zuten ikasleetako batzuk Gernikako Arbolaren kimuaren pean, Euskal Echea Institutuak Llavallolen duen egoitzara egin zuten bisitan]
Pedro Beramendik Historia klasea eman zuen, Belen Girasolek Euskara, Eduardo Torryk Euskal Erakundeak, Leandro Etchichuryk Antropologia, Valentín Galardik Ekonomia, Itziar Agirrek Gastronomia, Jose Gutierrezek Musika, Cesar Gogorzak Mitologia, Nieves Castillo Alzurik Geografia, Mikel Huget Ormaetxeak Dantza, Javier Clúak Kirolak, Pedro Tenti Alberdik Heraldika eta Enrique Aramburuk Zuzenbidea. Mikel Ezkerro hizlari eskarmentudunak Historia klase bat eta irekiera mintzaldia eman zituen, eta bera izango da bihar bukaera mintzaldia emango duena.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus