euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Udako Euskal Unibertsitateak ateak irekiko ditu datorren otsailean Buenos Airesen

2008/12/31

Euskal Echea Institutuaren egoitza Buenos Airesen
Euskal Echea Institutuaren egoitza Buenos Airesen

PUBLIZITATEA

Otsailaren 9tik 21era Udako Euskal Unibertsitatea egingo da Buenos Aireseko Euskal Echea Institutuan, Diasporako kide argentinar zein inguruko herrialdeetakoei zuzenduta. Ikastaroaren helburua ikasle hauei euskal kulturan sakontzekoauekra eman eta ondoren euren euskal etxeetan eta inguruko elkarteetan ikasi dutena zabal dezatela da. Ikastaroak bi aste iraungo ditu, eta lehenengoan sarrera orokor bat egingo da, bigarren astean edukietan sakonduz. Ikastaroa doakoa da eta izena emateko epea urtarrilaren 31ean bukatuko da.

Buenos Aires, Argentina. “Euskaldunen eta argentinarren artean elkartasuna bultzatzea, adiskidetasuna sortzea eta aberriarekiko maitasuna zabaltzea; euskal herriaren kultura  hedatzea eta euskaldunen hizkuntza, historia, folklorea, artea eta gainerako agerpenak sustatzea” du helburu Euskal Echea Erakundeak, bere estatutuen arabera. Asmo horiek bete asmoz elkarteak ‘Udako Euskal Unibertsitate’ bat sortzea pentsatu zuen orain dela hilabete batzuk eta Enrique Aranburu kidearen esku jarri zuen erronka. Esan eta egin: Argentinako Udako Euskal Unibertsitateak ateak irekiko ditu lehen aldiz datorren otsailean.

Euskal kulturari buruzko bi asteko ikastaroa  izango da ekimena. Lehengo asteko klaseak –-otsailaren 9etik 13ra arte--  orokorrak izango dira eta ikasleei Euskal Herriko kultura, historia eta ohituretan murgiltzen hasteko oinarriak emango dizkiete. Bigarren asteko ikastaroak –-otsailaren 16tik 21era-- berriz, trinkoagoak izango dira eta gai desberdinetan sakonduko da. Gai horiek, batzuk aipatzearren, Euskal Herriko erakundeak eta ekonomia izango dira.

Euskal Kulturan sakontzeko aukera gutxi

Irakasleak arlo bakoitzeko adituak izango dira eta ordubeteko klaseak emango dituzte bai goizean –-9etatik ordu bata arte-- bai arratsaldean –-3etatik 6ak arte--. Ikastaro osoa gainditzeko idazlana egin beharko dute ikasleek, haiek aukeratutako gai bati buruz. Arambururen esanetan "proiektu honen helburua partehartzaileek ikasitako guztia euren euskal etxeetan edo komunitateetan zabaltzea da. Handia da euskal kulturarekiko dagoen jakinmina baina, aldi berean, ikasteko aukera gutxi daude. Horrexegatik pentsatu dugu Unibertsitateko proiektuak hutsune hori bete dezakeela”. 

Antolatzaileek azaltzen dutenez Unibertsitatea udan egitea ahalik eta jende gehienak parte hartzeko aukera izan zezan erabaki zuten (otsailean Hego Amerikan udako oporrak egiten dira). Partehartzea erraztu aldera ere, ez da nahitaezkoa izango ikastaroaren bi asteak osoki betetzea. Ikasle bakoitzak bere beharrak edo aukerak kontuan hartuz astebete bakarrik egitea erabaki dezakeela azpimarratu dute antolatzaileek.

Izen-ematea urtarrilaren 31a arte

Ikastaro osoa doan izango da, baina bidaia, ostatua eta otorduen gastuak ikasleen kontura izango dira. Izena emateko epea urtarrilaren 31ean bukatuko da.

Euskal Echea-ko web orrian apuntatzeko formularioa jaitsi ahal da. Informazio gehiago eskuratzeko, uvv2009@yahoo.com.ar helbidera idatzi.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia