euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Miguel hiriko Askatasunaren Bidea elkarteak bere 5. urteurrena ospatuko du larunbatean

2014/06/17

Askatasunaren Bidea elkartearen bloga
Askatasunaren Bidea elkartearen bloga

PUBLIZITATEA

Bazkaria bertako La Positiva izeneko jatetxean izango da, ordu batetik aurrera, urtean zehar burutuko den egitarau oparo baten barruan. Izan ere, gonbite honekin batera, euskal kulturari buruzko hitzaldien zikloaren berri eta hiriko beste hainbat erakunderekin antolatuko dituen ekimenena ere jakinarazi du 2009ko ekainean sortutako taldeak. Ospakizunean “San Miguel aldean euskal kultura sustatu eta Euskal Herriko balioak sendotzeko engaiamendua” berrituko dute Askatasunaren Bidea-ko kideek.

San Miguel, Argentina. “Euskal kultura zabaldu eta bide aske batetik ibiltzeko” asmoarekin sortu zuten 2009an Maria Jesus Andres, Mariana Fernandez Castelli, Nestor Fernandez, Cesar Mhor eta Horacio Marotto sanmigueldarrek Askatasunaren Bidea elkartea. Eta helburu horri gogor ekin zioten taldeko lagunek hainbat eratan, hala nola hiriko eta kanpoko jendearekin komunikazioa sendotuz, ekintzak antolatuz eta herriko beste erakunde batzuekin proiektuak burutuz.

[Bost urte hauetako lorpenak eta etortzear daudenak ospatzeko bazkaria egingo dute datorren larunbatean, ekainaren 21ean, Askatasunaren Bidea-ko kideek. Hitzordua ordu batean da eta elkargunea, hiriko Belgrano kaleko 980. zenbakian dagoen La Positiva jatetxea. Gonbidatuek hiru menuren artean aukeratu ahal izango dute eta prezioa 120 eta 150 peso bitartean egongo dira]

Bost urte, hamaika proposamen

Talde honen alderik indartsuena bere Askatasunaren Bidea blogaren bidez eskaintzen duen informazio iturria da. Astero eguneratzen den webgunean, gai anitzeko artikuluak sareratzen ditu. Euskal Herriko jaiak, ohitura eta tradizioak, historia, geografia, arkeologia eta artea dira blogaren gai nagusiak. Artikulu hauekin batera argazki erreportajeak eta iritzi artikuluak ere argitaratzen ditu. Kolaboratzaileen zerrendan honako izen hauek aurkitzen dira: Floren Aoiz, Tarsicio Azcona apaiza, Aitzol Altuna Enzunza, Beñi Aguirre, Patxi Abasolo Lopez, Pedro Esarte Muñain, Koldo eta Maite Zabalondo, Luis Maria Martinez Garate, Aitor Pescador Medrano,  Iñigo Saldise Alda, Mikel Sorauren, Ana Sstanic, Tomás Urzainqui Mina eta Jose Joaquin Saldias.

Blogean egindako lanaz aparte, hiriko eta kanpoko elkarte askorekin ere elkarlanean ari da San Miguelgo elkarte hau. Honen adibide ona da Nafarroako Filmotekarekin sortutako harremana eta San Miguel hiriko Domingo Faustino Sarmiento Liburutegian sortutako euskal kultura saila. Bertan kontsulta daitezkeen liburuak Askatasunaren Bidea-renak dira eta beste hainbat euskal erakundek dohaintzan emandakoak.

Liburutegian ere eta Mariana Fernandez Castelli-ren ardurapean Euskara eta Euskal kultura Tailerra eskaintzen du elkarteak. Ekintza honetan Marina Aranguren Eusko Kultur Etxeko euskara irakasleak ere hartzen du parte.

Aurtengo aktibitate eta ospakizunak

Aipatutako urteurren bazkaria ez da izango, ordea, aurtengo ospakizun bakarra. San Miguel egunean ere elkartuko dira taldeko lagunak zeremonia bat egitera. Elkarretaratzean baitan San Miguel partiduari buruzko dokumental bat proiektatuko dute.

Eta euskal gaiei buruzko hitzaldien zikloak ere jarraituko du. Aurtengo izenburuak hauexek izango dira: ‘Miguel de Unamuno’, Olga Aristegi hizlari; ‘Euskal baleontziak’, Emilio de Candido; ‘Arantzazuko Ama Birjinaren Santutegia’, Ana Maria Palavecino; eta ‘Euskal mitologia’, Celia Escudero. Beste alde batetik, Carlos Gabilondoren eskutik burutzen den Zine zikloan hiru pelikula eman dira aurten (Bihotz ondoko sekretuak, Aupa Etxebeste eta Kutsidazu Bidea, Ixabel) eta beste batzuk emango dira urtea bukatu aurretik.

Etorkizunari begirako proiektuen artean, Euskal Herriko eta Argentinako kulturak batzeko dantza emanaldi bat egingo dute sanmigueldarrek, Plaza de la Carretas-en, Ekin Dantzari Taldea eta hiriko dantzariak lagun. Eta elkartearen eta eskualdearen arteko loturak sendotu nahian, Bella Vistako Ganbera Abesbatzaren kontzertu batera ere joango dira Askatasunaren Bidea-ko lagunak, euskal gizataldearen ordezkari.

“Ekintza hauen xedea, eta azken bost urteetan egin dugun bezala, Euskal Herriko kultura San Miguel eskualdean ezagutaraztea da. Kultur trukea eta ikerlana dira gure lehentasuna, esparru guztietan, euskara arloan, historian, dantza eta musikan, antzerkian, bertsolaritzan eta literatura, arte plastiko eta ikus entzunezkoetan, ondarean, ingurumenean, herri kiroletan eta kultur egileen trebakuntzan”, azaldu dute Askatasunaren Bidea-ko arduradunek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia