euskal diaspora eta kultura
2012/10/02
PUBLIZITATEA
Rosario, Argentina. “Rosarioko gure euskal etxe maiteak ehun urte bete ditu eta bere izenari erreparatzen badiogu bide argi bat markatzen digula ikusiko dugu: ‘Eusko Batzokija Zazpirak Bat’ du izena, zazpi herrialdeetako euskaldunak biltzen dituen lekua, alegia. Euskal etxearen sortzaileen ondorengoak izanik, haiek utzitako ondare abertzalea zabaltzen jarraituko dugu, Euskal Herriaren berri eta haren irudia zabaltze aldera”. Mezu honekin eman zieten ongi etorria Zazpirak Bat-eko kideek Rosario hirira bertaratu ziren euskal etxearen lagun guztiei.
Baina jai berezi honetan euskal kolektibitatearen inplikazioa ez ezik, Rosarioko gizarte osoarena ere nabarmendu zen. Izan ere, abuztuaren 2an eta El Circulo antzokian Santa Fe probintziako Rosarioko Orkestra Sinfonikoak kontzertu berezia eskaini zuen Mendeurrena dela eta. Nicolas Raus zuzendari, eta beste lan batzuen artean, Maurice Ravel lapurtarraren pieza bat jo zuten musikariek. Emanaldia arrakastatsua izan zen eta orkestrak txalo zaparrada jaso zuen.
Mendeurreneko afaria eta San Inazio lehen ospakizuna gogoan
Atzera eginez, urteurreneko afariari dagokionez, esan behar da ekitaldi ugariko egun baten amaiera izan zela. Abuztuaren 4an, FEVAko bilkura burutu zen Parana ibai ertzean dagoen hirian. Goiz aldera ere, eta Euskal Asteari begira, euskal etxeetako dantza taldeen zuzendariak elkartu ziren Zazpirak Bat-eko egoitzan.
Arratsaldean, ordea, elizkizunak egin ziren Maria Auxiliadora elizan. 'Iñaki Deuna'ren omenezko mezan, euskal etxeko hildako kideak ere izan ziren gogoan. Ekitaldia bukatzean, txistuek lagunduta eta kabalkada gisa afaltzera joan ziren bildutako pertsonak. Lehen aipatu bezala, esker hitzekin eman zieten ongietorria euskal etxeko ordezkariek gonbidatu guztiei eta horren ondoren Argentinako eta Euskadiko ereserkiak abestu ziren.
Probintzia eta hiri mailako agintari anitzek hartu zuten parte Zazpirak Bat-en Mendeurreneko jaian, hala nola, probintziako gobernadore Antonio Bonfatik, Rosarioko alkate Mónica Fein-ek, Miguel Litfschitz senatariak, Miguel Zamarini Kontseilu Erabakitzaile Ohoretsuaren presidenteak, Fernando Asegurado Rosarioko Udaleko idazkariak eta Manuel Sciutto zinegotziak, batzuk aipatzearren.
[Mendeurreneko afariaren irudiak: dantzariak, agintariak eta urtebetetzeko tarta (argazkiak EE)]
Beste alde batetik, euskal gizataldeak ere lagundu zituen rosariotarrak euren jai berezi honetan, tartean, Ricardo Basterra FEVAko lehendakaria zegoela eta, berarekin batera, Laurak Bat, Accion Vasca, Rosarioko eta Buenos Aireseko Emakume Abertzale Batza, Villa Mercedeseko Euskal Etxea, Saltako Gure Etxea eta Tres Arroyoseko Hiru Erreka erakundeetako ordezkariak. Horretaz gain, Buenos Aireseko Accion Vascako eta Rosarioko elkarte kataluniarreko dantzariek hartu zuten parte dantza ikuskizunean.
Afariaren baitan Zazpirak Bat-eko batzorde guztietako kideak ekarri ziren gogora eta Ohorezko Aurreskua dantzatu zitzaien. Euskal etxearen historia iruditan ikusi ahal izan zen antolatzaileek proiektatutako bideo batean eta euskal dantzak zuzenean aurkeztu zituzten etxeko Gaztedi Zutik dantzariek. Bestalde,euskal etxearen alde lan egiten duten lagun guztiei esker beroak eskaini zizkieten Zazpirak Bat arduradunek, antzinakoei eta gaurkoei. “Festa ordu txikiak arte luzatu zen inork ez zuelako nahi momentu eder hura buka zedin”, adierazi digute Zazpirak Bat Euskal Etxeko lagunek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus