euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Postak euskal zigilu-marka aurkeztu zuen Cordobako Gure Txokoak antolatutako filatelia erakusketan

2015/10/16

Posta Argentinarrak diseinatutako euskal zigilu-marka
Posta Argentinarrak diseinatutako euskal zigilu-marka

PUBLIZITATEA

Aurrekaririk gabeko ekimen batean, Correo Argentino posta zerbitzuak euskal ikurrak dituen zigilu-marka bat sortu du Cordobako Gure Txokoa Euskal Etxean egindako Filatelia eta Numismatika erakusketan aurkezteko. Zigilu-marka urri osoan eskatu ahal izango dute Cordobako posta bulegoetan, paperezko gutunak bidaltzen dituztenek. Berri honekin batera, Cordobako Kolektibitateen Karabanan hartu zutela parte jakinarazten dute Gure Txokoako lagunek .

Cordoba, Argentina. Euskal Etxeak eta Cordobako Filatelia eta Numismatika Zentroak antolatutako erakusketa irailaren 24tik 26ra izan zen Gure Txokoa-ren egoitzan, hainbat bildumazale partaide. Aktibitatearen azken egunean, ‘Euskal jesuitak kolonia garaian eta euren eragina Alberdi auzoan’ izenburuko hitzaldia eskaini zuen Alberto Raul Aguilar Vouillatek eta behin mintzaldia bukatuta, euskal irudiak –txapela eta lepoko zapia– dituen zigilu-marka aurkeztu zuten Correo Argentinoko arduradunek. Zigilu-marka erakusketan aurkezteko propio egin zuen Argentinako Postak eta Cordoba hiriko posta bulegoetan eskatu ahal izango da urrian zehar paperezko eskutitzak bidaltzeko.

Erakustaldiaren amaieran eta Jorge Lewit-ek proposaturik, zigilu-markez osatutako Euskadiko mapa oparitu zioten erakusketariek Euskal Etxeari. Opari honekin batera, euskal jatorriko Argentinako izen handiko pertsonaiak dituzten zigilu-markekin egindako koadro bat ere eskuratu zion Alejandro Noriega lizentziatuak euskal erakundeari.

Euskal Etxetik esker beroak luzatu nahi dizkiete Cordobako Filatelia eta Numismatika Zentroko agintariei, eta bereziki Euskal Etxeko batzordekide den Miguel Angel Martínez del Pozori aktibitatea Cordoban egin ahal izateko eman duen laguntzagatik.

Kolektibitateen Karabana

Bestalde, joan den urriaren 3an, Gure Txokoa euskal etxea euskal gizataldearen ordezkari izan zen Cordobako Kolektibitateen Elkarteak eta Cordobako Unibertsitateak antolatutako ‘De Caravana por Córdoba’ (Karabanan Cordoban zehar) jaialdian. Ekintza Unibertsitateko Patio de las Palmeras izeneko gunean izan zen eta bertan montatu zuen euskal etxeak bere standa. Dantzak ere aurkeztu zituen Gure Txokoak; Cordobatarrak taldeko dantzarien eskutik, Euskal Herriko dantza tradizionalenak ere ikusi ziren jaiaren agertoki nagusian. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia