euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako pilotariak buru, bost domina lortuta 2018ko Hego Amerikako Jokoetan; Txile bigarren lekuan laurekin

2018/06/25

Esku pilota modalitatearen finalean, Boliviako Milton Cayoja Apaza eta Argentinako Nicolas Alberto Comas. Irabazlea boliviarra izan zen (argazkia, Jokoen weborria)
Esku pilota modalitatearen finalean, Boliviako Milton Cayoja Apaza eta Argentinako Nicolas Alberto Comas. Irabazlea boliviarra izan zen (argazkia, Jokoen weborria)

PUBLIZITATEA

Hego Amerikako Jokoen 2018ko edizioa Bolivian jokatu da, Cochabamba hirian. Lehiaketaren XI. edizio honetan, hamalau herrialdetako ordezkariak aritu dira 35 kirol diziplinatan. Pilotan maila ona erakutsi dute kirolariek, guztiak Argentina, Bolivia, Peru, Txile eta Uruguaiko ordezkari.

Cochabamba, Bolivia. Maiatzaren 26tik ekainaren 8ra luzatu ziren 2018ko Cochabambako Hego Amerikako Jokoak. Kolonbia, Brasil, Venezuela, Argentina, Txile, Ekuador, Peru, Paraguai, Uruguai, Bolivia, Panama, Surinam, Aruba eta Guyana herrialdeetako kirolariek hartu zuten parte hogeita hamabost kiroletan eta, 94rekin, Kolonbiakoa izan zen domina gehiago irabazi zituen taldea.

Gaztelaniaz ‘Pelota Vasca’ izenarekin ezagunak diren Frontenis, Gomazko Pala eta Esku Pilota modalitateetako partidak Lehiaketarako propio inauguratu zen Cochabambako Sacaba Udaleko Frontoian egin ziren. Emaitzei dagokienez, Argentinako selekzioa geratu zen lehenengo postuan bost dominarekin. Bere atzean Txile (4), Uruguai (3), Peru (2)  eta Bolivia (1) kokatu ziren, azken hau, hala ere, modalitate tradizionalagoa den Esku Pilotan.

Domina-zerrendaren xehetasunak:

Gizonezkoen frontenis txapelketa: Urrea, Jonathan Miranda eta Tomas Suarez argentinarrentzat; zilarra, Julian Salas eta Jesus Garcia Toro txiletarrentzat; brontzea, David Alonso Yupanqui eta Juan Gonzalo Bezeda perutarrentzat.

Emakumezkoen frontis txapelketa: Urrea, Magdalena Muñoz eta Natalia Bozzo txiletarrentzat; zilarra, Lucila Busson eta Melina Spahn argentinarrentzat; brontzea, Nathaly Paredes eta Mia Belen Rodriguez perutarrentzat.

Gizonezkoen Gomazko Pala: Urrea, Facundo Andreasen eta Santiago Andreasen argentinarrentzat; zilarra, Raul Comesaña eta Lucas Rivas uruguaitarrentzat; brontzea, Manuel Dominguez eta Raimundo Saez txiletarrentzat.

Emakumezkoen Gomazko Pala: Urrea, Maria Lis García eta Johanna Zair argentinarrentzat; zilarra, Sofia Gutierrez eta Mariangel Maneiro uruguaitarrentzat; brontzea, Zita Solas Aranzabal eta Maritxu Bastarrica txiletarrentzat.

Esku pilota: Urrea, Milton Cajoya boliviarrarentzat; zilarra, Nicolas Comas argentinarrarentzat; brontzea, Richard Airala uruguaitarrarentzat.

2018ko Hego Amerikako Jokoen argazki galeria, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia