euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Paraná-ko 'Presencia Vasca' irratsaioa: 33 urte uhinetan, "euskal sentimendua argentinar azentuz"

2023/03/13

Federico Borras eta Santiago Erguy Alcain, “Presencia Vasca” irratsaioaren konduktoreak Paranako Universidad Tecnológica Nacional-eko FM Universidad-eko estudioan
Federico Borras eta Santiago Erguy Alcain, “Presencia Vasca” irratsaioaren konduktoreak Paranako Universidad Tecnológica Nacional-eko FM Universidad-eko estudioan

PUBLIZITATEA

Paraná, Argentina. 'Presencia Vasca', Entre Rios probintziako Paraná-tik Federico Borrasek, Santiago Erguy Alcain lagun duela gidatzen duen irratsaioak hasi berria du martxoko lehenengo igandean denboraldi berria, eta honekin 33 urte beteko ditu aurten airean. Hiru hamarkada baino gehiago, euskal diasporaren zerbitzura lanean, horietako bi Mikel Ezkerro zutabegile, zuzenean sartzen baita saiora kolaboratzaile Buenos Aires hiriburutik, gai historikoei buruzko bere editorialarekin.

Gogoan dauka Borrásek, hamabost urte besterik ez zituela, saioari musika sartzen eman zituela bere lehenengo urratsak, bere aitona Raul Alcainen irratsaioan laguntzaile. “Euskal Herria solasgai eta Argentinako euskaldunen ondorengoen ekarpenarekin zerikusia zeukan mezu bat zabaltzeko” abiarazi zuen bere amaren aitak irratsaioa. Ibili ahala, Federico bilakatu zen saioko gidari, eta halaxe segitzen du gaur egun ere gogotsu, orduko ilusio, plazer eta engaiamendu berarekin.

Gauzak asko aldatu dira internetik ez zegoen garai hartatik, orduan albisteak astiro eta tarteka iristen baitziren, batzuetan hilabetetako atzerapenez. Baina, aurrerapen teknologikoa izugarria izan den arren, “batere aldatu ez dena programaren funtsa bera da. Saio oroz errepikatzen dugun leloak dioen bezala, gure muina, gu definitzen gaituena, gure "euskal sentimendua" da, "argentinar azentuz" adierazia, eta hau ez dira hitz hutsak, ikuskera bat da, gauzei erreparatzeko modu bat baizik, erabateko identifikazioa baitugu euskaltasunarekin, Euskal Herrian bizi ez izanagatik", diosku.

 "Buenos Aires EH ospagai" bertatik munduratuko

Asko dira 33 urtetan euskal diasporako irratsaioetan erreferente den 'Presencia Vasca'tik igaro diren ahotsak. Batzuk aipatzearren, Garaikotxea, Ardanza, Ibarretxe eta Urkullu lehendakariak, Arnaldo Otegi politikaria, Benito Lertxundi musikaria, Henrike Knörr filologoa eta Itziar Ituño aktorea. Eta bor-bor segitzen dituzte planteatzen asmo eta erronka zahar eta berriak. Tartean Argentinako euskal gizataldearen une garrantzitsuetan lagun eta bozgorailu zabaltzaile izatea, 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' (gaztelaniaz Buenos Aires Celebra País Vasco) festaren kasuan, adibidez. Berau transmititu eta zuzenean eskaini nahiko lukete, eta ekitaldian gertatzen dena bizi-bizi islatu, munduko edozein lekutatik jarraitu ahal izateko.

“Presencia Vasca” igandero emititzen da 11etatik 12etara [argentiar ordua, Euskal Herrian 15etatik 16etara] Universidad Tecnológica Nacional (UTN), Regional Paranako FM Universidad 105.7an, aldi berean streaming bidez www.fmuniversidad.com helbidean zuzenean online segitzeko aukerarekin.Urtetako elkarrizketak ere online entzun ditzakezu.

-Facebooken: presencia vasca.parana
-Twitterren: PresenciaVasca



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia