euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necocheako San Sebastian jaialdia urtarrilaren 27 eta 28an ospatuko da aurten, Euzko Etxea-ren eskutik

2011/12/30

2011ko Euskal Astean, Necocheako danborrada entzun zen antzokiko dantzaldira joan aurretik (argazkia EuskalKultura.com)
2011ko Euskal Astean, Necocheako danborrada entzun zen antzokiko dantzaldira joan aurretik (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentinako euskal etxeetako ekintzen egitaraua murriztu egiten da udako hilabetetan. Necocheako Euzko Etxea-n, ordea, bertoko kideek gehien gozatzen duten jaiaren antolakuntzan dauden murgilduta urte hasieran. Urtarrilaren 27 eta 28an gauzatuko dira aurten kostaldeko hiri honetan San Sebastian jaiko ekintza nagusiak. Astebete lehenago, hau da, urtarrilaren 20an, euskal etxeak herriko Gizataldeen Azokan hartuko du parte stand batekin, dantzariekin eta bere danborrariekin.

Necochea, Argentina. San Sebastian eguneko soinu donostiarrek Gipuzkoako hiriburuko mugak gaindituko dituzte aurten ere. Aspaldiko ohitura bati jarraituz, eta 2011ko Euskal Aste Nazionalean egin zuten legez, Necocheako euskaldunek danborrak hartuko dituzte oso ikuskizun berezi eta sentitua emateko. San Sebastian jaialdiko ekintza nagusiak urtarrilaren 27 eta 28an izango dira, euskal etxearen egoitzan. Hori baino lehen, Euzko Etxea Euskal Herriko kolektibitatearen ordezkaria izango da hiriko Gizataldeen Azokan.

Azoka urtarrilaren 20tik 22ra ospatuko da 'Parque de Necochea' eremuan. Beste herrialde batzuetako taldeekin batera, euskaldunek euren standa ezarriko dute Azokan. Euskal Txokoan etxekoek prestatutako janari tipikoa salduko da eta Gazte Alai taldeko gazteek euren koreografiak eskainiko dituzte. Azokaren baitan, danborrada joko dute euskal etxeko danborrariek. “Aurten, Azokaren data dela eta, atzeratu behar izan dugu jaia; baina argi utzi nahi diegu gure lagunei, ohiko ospakizuna urtarrilaren 27 eta 28an egingo dugula” jakinarazi diote EuskalKultura.com-i euskal etxetik.

Behin-betiko egitaraua oraindik argitaratu ez den arren, esan dezakegu aurten San Sebastian jaialdiko ekintza nagusiak urtarrilaren 27 eta 28an izango direla Necochean. Ostiralean, 27an, erromeria gauzatuko da egoitzaren areto nagusian eta biharamunean, esan nahi baita larunbatean, lagun arteko afaria. Ohi moduan, eta beste zenbait euskal etxetako kideekin lagun – Mar del Plata, Laprida, Bahia Blanca eta  Buenos Aireskoekin, batzuk aipatzearren --, danborrada interpretatuko dute necocheatarrek urtarrilaren 28an. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia