euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako nafar gizataldeari buruzko liburua aurkeztuko dute ekainaren 2an Rosarioko Unibertsitate Nazionalean

2015/05/28

"La colectividad de origen navarro en Argentina. Los centros navarros como espacio de encuentro" (Nafar jatorriko gizataldea Argentinan. Nafar etxeak elkargune gisa) liburuaren azala
"La colectividad de origen navarro en Argentina. Los centros navarros como espacio de encuentro" (Nafar jatorriko gizataldea Argentinan. Nafar etxeak elkargune gisa) liburuaren azala

PUBLIZITATEA

"La colectividad de origen navarro en Argentina. Los centros navarros como espacio de encuentro" (Nafar jatorriko gizataldea Argentinan. Nafar etxeak elkargune gisa) izenburuko liburua Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Rosarioko Unibertsitate Nazionalak eta Buenos Aireseko Unibertsitateak elkarrekin egindako ikerketa baten emaitza da. Ikerlana 2014an argitaratu zen Nafarroan eta orain Rosarioko Zientzia Politiko fakultatean aurkeztuko da, Sagrario Anaut doktorea (UPN) eta Mariana B. Garcia magisterra (UNR) egileak lagun.

Rosario, Argentina. Lan akademiko bat aurkeztuko da datorren asteartean Rosarioko Unibertsitate Nazionaleko Zientzia Politikoko Fakultatean. "La colectividad de origen navarro en Argentina. Los centros navarros como espacio de encuentro" (Nafar jatorriko gizataldea Argentinan. Nafar etxeak elkargune gisa) izeneko ikerlanean, Argentina eta Nafarroa artean azken mende t'erdian izan diren migrazio fluxuen historia aztertu dute Sagrario Anaut eta Mariana B. Garcia adituek eta horrekin batera, nafar jatorriko etorkinek Argentinan antolatzeko moduak, haien memoria eta identitatea, eta itzulera prozesuak. 

Metodologiari dagokionez, Nafarroan zein Argentinan jasotako hainbat testigantza biltzen dira azterlanean, familia-etxeetan eta baita euskal, nafar eta espainiar etxeetan ere hartutakoak. Kasu gehienetan, sakontasuneko elkarrizketak egin zaizkie elkarrizketatuei; beste batzuetan, berriz, erregistroetan, kontaketetan, gutunetan eta abarreko materialetan miatu da ondorioak ateratze aldera. Mariana B. Garciak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Nafarroan dauden ikerlariak bertako materialaz arduratu dira; nire kasuan, Argentinako euskal eta nafar etxe ugarirekin jarri naiz kontaktuan. Buenos Aires, Bolivar, Mar del Plata eta Rosarioko erakundeak bisitatu ondoren, beste hainbatekin teknologia berriez baliatu naiz datuak eskuratzeko. Besteak beste, Comodoro Rivadavia, Cordoba, Chaco eta Tandilgo nafar jatorriko jendearen laguntza izan dut. Hasierako bilaketa nafar etxeetara zegoen mugatuta; baina gero ikerketa arloa asko handitu zen euskal etxeengana jo genuenean. Hori dela eta FEVA, Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxea eta Ekin argitaletxea ere bisitatu ditut”.

Liburuaren aurkezpenari dagokionez, Mariana B. Garcia migrazio adituarekin batera, Argentinara propio etorri den Sagrario Anaut doktorea ere izango da hizlari Zientzia Politikoko fakultatean egingo den aurkezpenaldian. Gonbidatuen artean, euren testigantza eman zuten nafar jatorriko lagunak bilduko dira, tartean Rosarioko euskal eta nafar etxeetako ordezkari batzuk. “Asmoa da bigarren seihilekoan Buenos Airesen aurkeztea". "Harro gaude liburuarekin, oso lan polita atera da eta gustura aurkeztuko dugu”, adierazi digu Garcia magisterrak eta, etorkizunari begira, gai honekin jarraitzeko xedea iragarri du: “Hasiak gara dagoeneko ikerketaren bigarren etapa antolatzen; ardatz tematikoak ari gara zehazten eta haietako bat da espainiar estatuaren krisiagatik orain berriz ere Argentinara itzultzen ari direnen egoera”, jakinarazi digu adituak.

“La colectividad de origen navarro en Argentina. Los centros navarros como espacio de encuentro" liburuaren aurkezpena ekainaren 2an izango da, goizeko 11:30etan, Riobamba kaleko 250. zenbakian dagoen Rosarioko Zientzia Politikoko Fakultateko graduondoko ikasgeletan. Sarrera librea. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia