Iruñea-Pamplona. Argentinako Nafarroako Etxeen Federazioaren izenean, Buenos Airesko Nafar Etxeko Martin Urtasun lehendakariak lan ederra egin du aukera berriaren alde. Aurreneko ikasturtea da eta proba eta ebaluzio moduan balio izango du, ondoren dagozkion erabakiak hartu eta nondik nora jo erabaki ahal izateko. Hastapen honetan hutsetik abiatu dira ezagutza aldetik, eta tarte geografiko eta kulturala ere gainditzen ahalegintzen ari dira ikasle-irakasleak.
Klaseak, hiru taldetan banatuta, urtarrilean hasi ziren eta ekaina bitartean luzatuko dira. 19 dira ikasleak, gehienak argentinarrak, baina bada tartean Uruguaitik konektatzen den ikasle bat ere. Nafarroako Euskarabidea institutuak ematen ditu, Jela Martinez Urmeneta irakasle, eta zuzenekoak dira, online, astean hirutan, ikasleek etxeko lanak ere badituztela, eskoletan ikasitakoa prestatu eta lantzen.
Argentinako Nafar Etxeen Federazioak proposatu eta Nafarroako Gobernuarekin eta Euskarabidearekin lankide antolatutako ekimena da..
"Pozik daude, esperientzia polita izaten ari da, bi aldeetatik", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Pello Pellejero Nafarroako Gobernuko Kanpoko Herritarren Zerbitzuko zuzendari denak Kanpo Ekintzarako Zuzendaritzan. "Euskararen harian gainera, Nafarroako egungo berri ere eskuratzen dute". "Ordutegiak egokitu behar izan ditugu, lau orduko aldea baitago momentu honetan Argentina-Uruguairekin. Bestalde, online izateak, muga geografikoak apurtu eta aukera berriak ematen dizkie nonahitik euskara ikasteko borondatea daukaten kanpoko nafarrei".