Iruñea-Pamplona. Datorren asteazkena, martxoaren 5a, azken eguna da Nafarroako Gobernuak urtero bezala aurten ere deitu duen 'Udako Eskola' delako jardueran parte hartzeko. Ekimenak ez dauka adin mugarik, baina bai eskatzen dela Argentinan dauden lau Nafar Etxeetako bateko kide izatea, eta kide aktiboa. Gogora dezagun Nafar Etxe hauek Buenos Aires, Rosario, Mendoza eta Bolivarkoak direla. Izena ematea norberak, dagokion Nafar Etxearen bitartez behar du egin, esan bezala azken eguna martxoaren 5a izanik.
Izena eman duten hautagaiekin Diaspora argentinarreko aipatu lau nafar elkarte horiek zerrenda pasatuko diote Nafarroako Gobernuari, eta honek aukeratuko ditu datorren udan, ekain hondarrean Nafarroa bertatik bertara ezagutzeko xedearekin, baldintzak beterik etorriko diren zortzi partaideen izenak. Astebeteko egonaldian, Nafarroa osoan barrena ibiliko dira eta zenbait erakundetako buruek errezibituko dituzte. Jarduera Sanferminak baino egun batzuk lehenago bukatuko da, eta nahi dutenek aukera izango dute euren kabuz egun batzuk luzatzeko euren egonaldia. Udako Eskola dohainik eskaintzen die Nafarroako Gobernuak Diasporako partaideei.
Izena emateko:
- Buenos Airesko Nafar Etxea
- Rosarioko Nafar Etxea
- Mendozako Nafar Etxea
- Bolivarko Nafar Etxea
2024ko Udako Eskoletako irudiak (bideoak Nafarroako Gobernua)