Corpus Christi, Argentina. Igandearekin, apirilaren 22ko arratsaldez egin zuen Corpus Christiko Eusko Etxeak aurtengo Ohiko Batzar Nagusia. Bertaratutakoek bazkideen kuota 20 peso hilabetera igotzea erabaki zuten eta, besteak beste, elkarteko Zuzendaritza Batzordea berritu zuten, Olga Rosa Leiciaga hautatuz berriz ere lehendakari agintaldi berrirako.
Honela geratzen da Zuzendaritza Batzorde berria:
-Lehendakari: Olga Rosa Leiciaga Elordi
-Lehendakariorde: Julio Néstor Markiewicz
-Idazkari: Nilda Coman
-Idazkariorde: Ramón Ariel Cukla
-Diruzain: Carmen Delia Miranda
-Diruzainorde: Ana María Macchi Echagüe
-Batzordekide titularrak: Pelaya Ortiz eta Ramona María Melgarejo
-Batzordekide ordezkoa: César Aníbal Arrondo
-Kontu ikuskari titularrak: Miguel Gómez eta Norma Solar
-Kontu ikuskari ordezkoak: Luz Mariel Benítez Maidana eta Alicia del Carmen Chamorro
Olga Leiciagaren 80 urteak
Egiari zor, guztiak Misionesen edo Argentinako euskal komunitatean ezagutzen dute berez Saladillon sortua izanik --eta bertako Itxaropen euskal etxeko sortzaileetakoa-- azkeneko pare bat hamarkadetan Misionesen bizi den emakume hau, Misionesen ere lehenik Posadasko Euskal Jatorri eta ondoren Corpus Christiko euskal etxeetako sortzaile. Seguruenik ez dago berea bezalako kasurik, gogoan izanik gainera, belaunalditan jaioa dela bere familia Argentinan, baina beti, bere kasuan bederen, atxikia izanik. Harrituko zen honetaz guztiaz jakinik, 19. mendean sortetxea eta herria, Xiberoko Añarbe, seguruenik behartuta utzirik Argentinako abenturara anaia Juan eta arreba Katalinarekin atera zen Arnaud/Fernando Leiciaguezahar 1842ko maiatzaren 28an jaiotako gaztea.
Egun, sortzaile, ekile eta ekimentsu segitzen duen Olgak Corpuseko Eusko Etxeko alma materra, dinamizatzaile eta animatzaile nagusia izaten jarraitzen du, giza elkartasuna duelarik beti lagun eta gidari daraman ezaugarri eta tasunetako bat. Maila pertsonalean ere, abuztuaren 30ean 80 urte bete behar dituela-eta, ilusio inbiriagarriz ari da prestatzen zenbaki biribil hori ospatzeko urtebetetze festa, familiakoak eta lagunak oro gonbidaturik.
Familian ere, Olga da urtero Leiciaga, Elordi, Arrospide, Agirre... tarren famili-bilkuren antolatzaile.
Festa horretara bertaraten direnei --gonbidapen bereizirik bidaliko ez duela esan du-- Saladilloko Itxaropen Euskal Etxean aste horretako igandean, irailaren 2an hurreratzen direnei, diruz erositako oparirik ez ekartzea eskatu die, bai ordea, oroimenetik erreskatatutako pasadizo edo kontaketaren bat konta dezatela, guztien artean, bilduko direnekin partekatu eta elkarrekin disfrutatu ahal izan dezaten. Ekitaldiak goizeko 10;30etan hasiko dira meza batekin Nuestra Señora de la Asunción elizan eta ondoren jarraituko, 13:00etatik aurrera Saladilloko Euskal Etxearen egoitzan, bazkariarekin, bakoitzak gustuko duen plater bat eramanez eta guztia elkarrekin partekatuz.
Parte hartu nahi duten lagunek Saladilloko Itxaropen Euskal Etxearekin kontakta dezakete.