Bahia Blanca, Argentina. Konfinamendu garaian jarraitzaileekin kontaktua ez galtzeko Bahia Blancako Lyric Soul Fundazioa hitzaldiak eta kontzertuak ari da eskaintzen astero Instagram eta Facebook bere kontuetan. Programa honen barruan, penintsula iberiar iparraldeko obrak ere izango dituen ‘’Viva España!’ emanaldian, Victoria Roldan sopranoak eta Cristian Carrero tenoreak Espainiako ariak eta zarzuela, ganbera musika eta euskal operak eta euskarazko abestiak (tartean Mirentxu, Chanton Piperi eta zortziko batzuk) kantatuko dituzte.
Hitzordua bihar ostirala da, maiatzak 22, iluntzeko 8:30etan Argentinako orduan –Kaliforniako 16:30etan, Mexikoko 18:30etan, EHko larunbateko 01:30etan– eta Lyric Soul Fundazioaren egoitza bertatik transmitituko da, doan, Fundazioaren sare sozialeko jarraitzaile guztientzat.
Gogora dezagun jardunbide oparoko Victoria Roldan eta Cristian Carrero abeslari eta produktoreek euskal musikaren inguruko ikuskizun bat sortu zutela 2017an, "Euskal Kantuen Ibilbide Luzea" izenekoa, eta Argentinako euskal etxea batzuetan aurkeztu zutela.
Euskal gaiei buruzko hitzaldi bat ere antolatu dute Fundazioko arduradunek eta horri buruz mintzatzeko EuskalKultura.eus gonbidatu dute. Solasaldia datorren asteazkenean izango da, maiatzaren 27an, Argentinako arratsaldeko 7etan, eta sare sozialetan ikusi ahal izango da.
-Lyric Soul Fundazioaren Facebook
-Lyric Soul Fundazioaren Instagram