euskal diaspora eta kultura
2010/07/01
PUBLIZITATEA
La Plata, Argentina. Maiatzean Euskal Herrian, Zizurkil bere sorterrian, eginiko ekitaldien ondotik, Otañoren bigarren aberrian, Argentinan eginikoei eman zitzaien bidea. Otañoren heriotzaren mendeurrena dela eta, La Platako Unibertsitate Nazionaleko (UNLP) Euskal Lagunen Taldeak eta goi ikastetxe bereko Euskara eta Euskal Kultura irakasle taldearen eskutik, aurretik Zizurkilen ekindako ekitaldiekin bat egin eta La Platan ere omenaldia antolatu zuten.
[Otañori, La Platan, ehortzia dagoen hilerrian, dantzatu zioten aurreskua]
Ekitaldia ekainaren 18an izan zen eta bertan omenduaren biloba, Susana Ardanaz Otaño "Txuri", familiako gehiago eta Joxin Azkue Gabilondo eta Julian Arrastoa izan ziren --azken hauek Zizurkildik propio helduak, bertako omenaldiko batzordearen izenean--. Eurekin batera, Cesar Arrondo irakaslea, La Platako Euzko Etxeko ordezkariak, Egoitz Zelaia UNLPko Euskara irakaslea, eta Gabriela Mendia, FEVAko euskara arduraduna, izan ziren, besteak beste. Unibertsitateko presidenteorde Raúl Perdomok Zizurkilgo omenaldiko batzordekideak agurtu zituen ekitaldi akademikoari ekin aurretik.
Aurretik, hilerrian omenaldia egin zioten Otañori eta horretarako, Emiliano Armendarizek Aurreskua dantzatu zuen Iñaki Agostini Zubillaga txistulariak lagunduta. Beranduago, La Platako Unibertsitatean omenaldiaren baitako ekitaldi akademikoa heldu zen. Bertan, Joxin Azkue eta César Arrondo irakasleek Otañoren irudia azaldu eta Egoitz Zelaia bertsolari eta Euskara irakasleak bertso musikatuak eskaini zituen Gorka Berasategi gitarran lagun zuela.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus