Mendoza, Argentina. Argentinako Nafar Etxeen Federazioak eutsi egiten dio honela ohiko elkarretaratze honi, Mendozako Nafar Etxea izango duela aurten antolatzaile. Gogora dezagun lau urtean behin egin izan dela Argentinan etxe nafarra daukaten --Buenos Aires, Rosario, Bolívar eta Mendoza-- lau hirietako batean, gainerako hirietako lagun eta bazkideen bilgarri den topaketa hau. Nafarroako Gobernuak atzo asteazkena egindako bilkuran onartu zuen oniritzia ematea Mendozako Nafar Etxeari helburu horrekin 20.000 euroko dirulaguntza ekarriko dion akordioari.
Gobernuak adierazi duenez, kopuru hori lagungarri izango da datorren abenduan Topaketan parte hartuko duten ordezkaritzek beren jatorrizko herrietatik mendozaratzeko izango dituzten gastuei aurre egiteko, gonbidatuen eta parte hartzaileen ostatua eta bazkariak ordaintzeko eta oro har kultur ekitaldiek eta programako jardueretako protagonistek eragingo dituzten gastuei aurre egiteko.
1980ko hamarkadaz geroztik, Nafarroako Gobernuak laguntza eta lankidetza harremanak sustatu ditu Nafarroako herritartasuna daukaten kolektibitateekin, izan Espainiako Estatuko beste leku batzuetan dauden Nafar Etxeekin zein beste herrialde batzuetan daudenekin, azken hauetan artean bereziki Argentinakoekin, Argentina izan denez historian zehar mundu osoan emigrante nafar gehien bildu dituen herrialdea eta nafar etxeen inguruan antolatu den nafar komunitate handiena duena.