euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Idiazabal herriak 100 urte bete ditu eta Goierriko Idiazabalgo ordezkariak izan ziren ospakizunetan

2010/09/17

Ioritz Imaz Baztarrika Goierriko Idiazabaleko alkateak eta Eliberto Favalli Argentinako Idiazabaleko alkateak Mendeurreneko monumentua inauguratu zuten
Ioritz Imaz Baztarrika Goierriko Idiazabaleko alkateak eta Eliberto Favalli Argentinako Idiazabaleko alkateak Mendeurreneko monumentua inauguratu zuten

PUBLIZITATEA

Garrantzi handiko bi data berezi ospatu dituzte Cordoba probintziako Idiazabaleko biztanleek. Alde batetik, herriak 100 urte bete ditu; beste alde batetik, izen bera duten Argentina eta Euskal Herriko bi herri hauen arteko senidetzea hamarkada osoa daramatza lorpen onenak lortzen. Hori dela eta, Ioritz Imaz Baztarrika Goierriko Idiazabaleko alkatea eta Kepa Oiarbide zinegotzia Argentinaratu ziren urtemugaren jaietan parte hartzera. Herriarekiko harremanak sendotzeaz gain, agintari euskaldunek herrien arteko senidetza berritu dute.

Idiazabal, Argentina. Ezohiko asteburua bizi izan dute idiazabaldarrek joan den irailaren 11 eta 12an. Herriaren mendeurrena dela eta, hamaika ekintzak gauzatu zituzten herri osoa partaide.

Egitarauari erreparatuz, larunbat goizean, Sarmiento Plazan, Argentinako bandera igo eta ehun salva bota ziren. Ondoren mendeurrenaren monumentua inauguratu zen, lore sortak jarriz eta plaka berri bat desestaliz. Goizeko 10etan, esker-emate elizkizunaren txanda etorri zen.

Argentinako Idiazabaleko mendeurrena 2010 01

[Mendeurreneko txapela]

Arratsaldean, kabalkada egin zen eta Ordoñez herriko Bandak jo zuen. Jarraitzeko, Sarmiento Plazan bertan, ekitaldi ofiziala bukatu ostean, herriko balio anitzeko areto eta polikiroldegi berriak inauguratu zituzten, zegokion zerrenda moztearekin. Larunbata afari herrikoi batekin bukatu zen. Bi mila eta ehun bat lagun bertaratu ziren Idiazabalera afarian egoteko. “Guztion helburuak gainditu zituen topaketak, herriak 1700 biztanle baino ez baitu”, azaldu dio Marta Montivero idiazabaldarrak EuskalKultura.com-i.

Argentinako Idiazabaleko mendeurrena 2010 02

[Urtemuga berezi hau ospatzeko, pastel erraldoia prestatu zeta paseatu zuten idiazabaltarrek]

Igandean, berriz, San Demetrio patroiaren omenezko meza amaitu eta gero, Argentinako eta Euskal Herriko bi herrion arteko senidetzearen berritzea sinatu zuten bertako Eliberto Favalli alkateak eta Euskal Herritik propio etorrikako Ioritz Imaz Baztarrika Goierriko Idiazabalgo alkateak eta Kepa Oiarbide zinegotziak monumentu aurrean. “Senidetzearen bidez, diru-laguntza jasotzen dugu guk urtero eta diru horrekin taller teknologikoak martxan jarri ditugu”, dio Montiverok. “Tailerretan soja-irina eta milanesak egiten dituzte eskoletako neska-mutilek eta esan behar dugu gure produktuak oso harrera ona dituztela Argentinako baita kanpoko merkatuetan ere”.

Argentinako Idiazabaleko mendeurrena 2010 03

[Goierritarrek "asado" tipiko bat partekatu zuten anfitrioiekin]

Urtemugaren ospakizunei amaiera emateko, Cordoba hiriko Baietz musika taldeak jo zuen balio anitzeko aretoan. Ekitaldi ofizialetan parte hartzeaz gain, euskaldunek Uranga estancia bisitatu eta gai askotako erakusketak ikusi ahal izan zituzten.


Lotura interesgarriak

Argentinako Idiazabal Fundazioa
www.fundacionidiazabal.com.ar

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia