euskal diaspora eta kultura
2014/03/03
PUBLIZITATEA
Ayacucho, Argentina. Jende askorentzat, ospakizun eguna da; beste hainbatentzat, gogoetarako abagune edo aukera. Era batera edo bestera helburua bera da: emakumeen lana –batzuetan aurkako testuinguruetan egina, beste batzuetan, oharkabean pasatua– saritzea. Halaxe deitzen dute datorren Martxoaren 8a, Emakumearen Eguna, ospatzera Argentinako eta munduko beste hainbat herrialdetan.
Argentinako euskal etxeen kasuan jai giroan ospatuko da Emakumearen Nazioarteko Eguna. Ekitaldiak datorren asteburuan burutuko dira eta martxoaren 7an hasiko dira, Cordoba probintziako Villa Maria hirian esate baterako. Bertan eta euskal etxeko Emakumeen Batzordeak antolaturik, afari bat eskainiko da, egoitzako ‘Euskal Herria’ izeneko areto nagusian. Antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, afariaren baitan zozketak eta sorpresa handi bat egongo dira bildutako andre guztientzat. Sarrerak 150 peso balio ditu eta erreserbak martxoaren 5era arte egin daitezke euskal etxeko idazkarian edo 0353-4534400 telefono zenbakian.
Buenos Aires probintziako Ayacuchoko euskal etxeari dagokionez, martxoaren 8an bertan ospatuko du. Afaria euskal elkartearen egoitzan izango da eta menu proposamen gonbitagarria –enpanadak, oilaskoa ‘euskal patatekin’ eta ‘Pirinioetako’ izozkia– partekatzeaz gain musika ikuskizunak eta dantza egiteko aukera ere egongo dira gauean zehar.
Gonbite honekin batera Ayacuchoko Euskal Odola-ko agintariek jakinarazten dute salgai daudela oraindik erakundearen aldeko zozketako zenbakiak. Gogora dezagun sari nagusiak bi motor eta auto bat direla eta irabazleen izenak apirilean ezagutuko direla. Zozketetako bat, egina da dagoeneko eta Victor Lorenzo izan du irabazle, 4733. zenbakiarekin. Otsailaren 22an burututako zozketan motor bat egokitu zitzaion irabazle zoriontsuari.
'GUILLERMO LARREGUI'KOEN 25. URTEURRENA
Emakumearen Eguna ospatzeko azken gonbitea Chacabukotik helarazi digute. Guillermo Larregui euskal etxean igandean, 9an, ospatuko da lagunen arteko afari batekin. Topaketa iluntzeko 8etan hasiko da eta instituzioak taberna zerbitzua eskainiko du edariak eta postreak bertan erosi nahi dituenarentzat.
25. urtemugaren urtean, datozen ekintzen berri ere kaleratu du aste honetan Guillermo Larregui Euskal Etxeak. Emakumearen Eguna ospatu ondoren, urteko lehenengo taberna egingo dute martxoaren 28an. 25. Urtebetetze festa, ordea, ekainaren 19an izango da. Bitartean, dantza eskolak datorren astean hasiko dira, astearteetan txikientzat eta ostegunetan helduentzat. Azkenik, udan zehar burutu ziren Mus topaketek astelehenetan jarraituko dute, gaueko 8:30etatik aurrera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus