euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako hainbat erakunde eta pertsonalitate atzo Buenos Airesen euskal Bake Prozesuaren alde

2014/12/05

‘Argentina Euskal Herriko Bakearen Alde’ko argazkia (argazkia EuskalKultura.com)
‘Argentina Euskal Herriko Bakearen Alde’ko argazkia (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentinako Senadua izan zen atzo ‘Argentina Euskal Herriko Bakearen Alde’ elkarretaratzearen egoitza. Gainezka zegoen Legebiltzarreko Areko Urdinean jendaurretu ziren Nazioarteko Kontaktu Taldeko Alberto Spektorowski, Lokarri akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareko Paul Rios, Adolfo Perez Esquivel Nobel Bake Sariduna eta Madres de Plaza de Mayo elkarteko presidente Nora Cortiñas, agiria irakurriz Euskal Bake Prozesua sostengatuz.

Buenos Aires, Argentina. Ekimeneko antolatzaile, Serpaj-Argentinako Bake eta Justizia Zerbitzua, Euskal Herriko Lokarri, Mexikoko Serapaz, Mexikoko Demokrazia, Alternatiba eta Debatearentzako Fundazioa, FEVA Eusko Argentinar Bazkun Alkartasuna eta Nazioarteko Kontaktu Taldea.

Argentinako elkarte eta pertsonalitateen hirurehundik gora sinadura lortu zituen Euskal Herrian sustatzen ari den Bakearen aldeko Prozesuari babesa emateko deklarazioak, tartean, Eduardo Duhalde eta Carlos Menem Argentinako presidente ohienak, Pino Solanas senataria eta Victoria Donda diputatuarenak --ekitaldian ikusi ahal izan genituen partaide--, probintzia eta nazio mailako hainbat mandatarienak eta Abuelas Plaza de Mayo elkarteko presidente Estela B. de Carlottorena, lehenengo begirada batean ikusitakoak aipatzearren (sinaduren zerrenda osoa, hemen).

Ekitaldia Ohorezko Aurresku batekin hasi zen. Jarraian, Nazioarteko Kontaktu Taldeko Alberto Spektorowski-k hartu zuen hitza bake prozesuaren eboluzioaz, Aieteko Adierazpena sinatu zenetik gaur arte. Ondoren, Paul Rios hartu zuen hitza eta diasporaren laguntza eskertu ondoren adierazi zuen Espainiako ezetzaren aurrean Euskal Herriko gizartea bera izan behar dela bake prozesuaren protagonista. Horrekin batera, Euskal Herriko alderdi politiko guztiak premiatu zituen elkartzeko eta ados jartzeko etorkizuna eraikitze aldera.

Adolfo Pérez Esquivelek eta Nora Cortiñasek irakurri zuten Euskal Herriko Bakearen Aldeko Argentinako adierazpena (Adierazpena osorik, hemen). Irakurketa hasi aurretik euskal presoen egoera aipatu zuen Perez Esquivelek, bereziki kartzelan segitzen duen Arnaldo Otegirena.

Ekimena, Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegi eta elkarteko abesbatzak kantatutako Gernikako Arbola eta Agur Jaunak-ekin bukatu zen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia