La Plata, Argentina. Iazko Durango eta Iruñea arteko 123 kilometroko Giza Kate arrakastatsua burutu eta gero, beste proposamen berri eta handi bat aurkeztu du aurten Gure Esku Dago herri dinamikak: ekainaren 21ean hautestontzi erraldoiak eraikiko dira Bilbo, Donostia, Gasteiz, Baiona eta Iruñeko estadioetan, milaka eta milaka lagunen erabakitzeko eskubidearen aldeko mezuak eramango dituzten oihal itzelekin.
Horretarako lanean ari da dagoenekohainbat jende eta apirilaren 25ean, Ehuntze Egunean, hainbat herritan sortutako oihalak bilduko dira hautestontzien tamainako ehuna prestatzen hasteko.
Argentinako euskal diaspora ere partaide
Apirilaren 25ean bertan, Argentinan ere egingo da Ehuntze Eguna eta Euskal Herrian bezala, hainbat euskal etxetatik jasotako materiala josiko da oihal handi bakar bat osatzeko. Egun hauetan, beraz, asko dira lanean ari diren euskal etxeetako taldeak eta oihalak ez ezik, lan prozesuaren argazkiak ere helarazi dizkiete Gure Esku Dago Argentinako ordezkariei. Oraindik bidali ez duten baina parte hartu nahi duten euskal etxeek, puntu hauek izan behar dituzte kontuan:
-Argentinako sarean parte hartzeko ez da beharrezkoa izango dirurik jartzea
-Bilduko diren oihalek 25x25 zentimetroko unitateka banatuko dira (beherago, argazki galerian ikus daitekeen moduan); koloretsuak badira, hobe
-Lauki bakoitzean jendearen (edo taldeen) atxikimenduak, mezuak edota irudiak jarriko dira
-Oihalak La Platara bidali behar dira, apirilaren 25a epemuga
-Bakoitzak nahi adina oihal bidali ahal izango ditu
-Nahi izanez gero oihala egiteko prozesua erakusten duten argazki edota bideoak bidali ahal dira
Ehuntze Eguna La Platan
Ekintza askotako egitaraua garatuko da Ehuntze Egunean, La Platako Plaza Morenon, eta dantzak, itsuen futbol taldearen erakustaldia, eta zuzeneko musika eskainiko zaizkio publikoari. Baina dudarik gabe, aktibitate nagusia jasotako oihalak jostea izango da.
“Lan honen emaitza maiatzaren 10ean erakutsiko da ‘Buenos Aires-ek Euskal Herria ospagai’ jaialdian eta horren ostean Euskal Herrira bidaliko dugu, hango oihalekin batu eta ekainaren 21eko ekitaldian Argentinako euskal diasporaren mezuak ere presente ahal izateko”, adierazi diote Gure Esku Dago elkartetik EuskalKultura.com-i.
Apirilaren 25eko hitzordua goizeko 11etan da (ordutegia alda daiteke), La Platako Moreno Plazan, Katedralaren aurrean. Euria eginez gero, Euzko Etxea euskal etxearen egoitzan egingo da ekitaldia. Parte hartzeko, kontsultak egiteko edo oihalak bidaltzeko, idatzi email honetara: gureeskudago.arg@gmail.com.
-Facebook: www.facebook.com/gureeskudago.diaspora
-Gure Esku Dago webgunea: https://gureeskudago.eus