euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako euskaltzaleek 2012ko Euskararen Eguneko ekitaldietan parte hartzeko gonbitea luzatzen dute

2012/11/28

Cordobako Gerora Elkarteko Euskararen Asteko programa
Cordobako Gerora Elkarteko Euskararen Asteko programa

PUBLIZITATEA

Ezer gutxi falta da urte bukaerara iristeko baina dudarik gabe mugimendu handiko egunak dira oraindik geratzen direnak. Izan ere, abenduaren 3an San Frantzisko Xabier eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da munduan zehar eta Argentinako euskal etxeek bat egingo dute Euskal Herriko eta Diasporako beste erakunde askoren ospakizunekin. Proposamenak ugariak dira; helburua, ordea, bat bera: euskal hizkuntzarekiko engaiamendua adierazi eta aldarrikatzea. Segidako artikulu honetan, Argentinako Buenos Airesen, General Rodriguezen, Bahia Blancan, San Nicolasen, Arrecifesen, Chascomusen, La Platan, Rio Cuarton eta Cordoban egingo diren elkarretaratzeen egitarauak.

Buenos Aires, Argentina. Argentinako hainbat euskal etxetatik jaso ditugu Euskararen Eguneko ekitaldietan parte hartzeko gonbiteak. Hitzorduak oro har abenduan zehar burutuko dira, eta kasu askotan Euskararen Egunarekin batera, urte amaiera ere ospatuko da. Artikulu honetan konpartitu nahi ditugu azken egun hauetan EuskalKultura.com-en erredakziora heldu diren zenbait topaketen datak.

-Euskaltzaleak, Buenos Aires
Abenduaren 1ean, 20:30etan, Kataluniako Etxean, Chacabuco kaleko 861 zenbakian. Euskaltegiko taldeek urtean zehar ikasitakoa erakutsiko dute antzezlan eta ekintzekin. Abesbatzak kantatuko du. Txartelaren prezioa $60. Erreserbak egiteko jar zaitez kontaktuan euskaltzaleak@yahoo.com.ar helbidearekin.

-Laurak Bat, Buenos Aires
Abenduaren 8an, 21:30etan, Belgrano kaleko egoitzan. Euskararen Eguneko eta urte amaierako jaia. Euskal etxean egiten diren ekintzei buruzko eta euskara sustatzeko bideoak proiektatuko dira.

-Eusko Aterpea, General Rodriguez
Abenduaren 1ean, 19:30etan. Euskara ikasleek euskaraz egindako bideoen emanaldia. ‘Hitz Nagusiak’ programaren saio berezia Alicia eta Maria Carmen Itcea euskal etxeko irakasleekin. Euskal etxean egiten diren tailerren amaiera. ‘La Hora de los Vascos’ irratsaioaren euskarari buruzko edizio berezia bat

-Union Vasca, Bahia Blanca
Abenduaren 3an bertan ‘Euskal Garagardotegia’ muntatuko dute euskal etxeko euskara ikasleek. 19:00etan, kantak, dantzak eta danborrada. Umeek Nafarroako konkistari buruzko argazki nobela aurkeztuko dute gurasoen laguntzaz. Nobelaren ostean, agiriak banatuko dira eta garagardotegia irekiko zaie gonbidatu guztiei. Jan eta edan bitartean, dantzak, jokuak eta karaokea egingo da. Euskal etxeko "fandangueando" dantza txapelketa informala. (Lehiaketa honen finala, abenduaren 8an, urte bukaerako afarian izango da). Garagardotegiaren leloa: “Euskara jakiteak, dirua aurrezten dizu!”. Edariak eta janariak dohainik emango zaizkie euskaraz eskatzen dituztenei. Erderaz eskatzen dutenei, berriz, hirukoitza kobratuko zaie.

-Euzkal Etxea, San Nicolas
Abenduaren 8an, ikasleek ‘Nola esaten da euskaraz’ izeneko bidea proiektatuko da euskal etxean bertan egingo den ekitaldian.

-Euskaldunak Denak Bat, Arrecifes
Abenduaren 6an, 20:00etan ‘Gazta Zati Bat’ dokumentalaren proiekzioa. Maria del Carmen Rodriguez irakasleak euskarari buruzko aurkezpen bat egingo du.

Abenduaren 29an, ikasturtearen amaieraren jaia. Euskara irakasleek Kutsidazu bidea, Ixabel pelikularen euren bertsioa aurkeztuko dute.

Bitartean, ‘Zein da euskaraz gehien estimatzen duzun hitza? eta zergatik?’ delako sariketa garatzen ari dira Laura Nobilek eta Mariana Dominek egiten duten ‘Palabra de Vasco’ irratsaioan. Partaideen artean zozketatuko diren sariak Maral-en Herriz Herri cda eta niki bat izango dira. Zozketa abenduaren 5ko saioan egingo da. 

-Zingirako Euskaldunak, Chascomus
Abenduaren 1ean, 20:00etan, La Platako Unibertsitateko Euskara irakasle den Idurre Lekuonak ‘Euskara, Europako bizirik dagoen hizkuntza zaharrena’ delako hitzaldia eskainiko du euskal etxearen egoitzan. Ekintza komunitate osoari dago zuzenduta.

-Euzko Etxea, La Plata
Abenduaren 1ean, 17:00etan, urteroko mateada (mate hartzea) egingo dute euskal etxeko euskara ikasle, irakasle eta lagunek Moreno plazako Gernikako Arbolaren ondoan. Bertan bilduko dira pik nik moduko elkarretaratzea burutzeko.

-Gure Ametza, Rio Cuarto
Azaroaren 30ean, 22:00etan, Euskararen Eguneko Karaoke Ikuskizuna Gure Ametza euskal etxearen egoitzan. Gonbidatuei edariak, pintxoak eta jai giroa eskainiko zaie.

-Gerora Elkartea, Cordoba
Cordobako Gerora Elkartearen kasuan, Euskararen Egunari buruz baino gehiago, Euskararen Asteari buruz hitz egin behar dugu. Aurreko urteetan bezala, astebete osoko programa bat garatuko dute Gerorako kideek, gaur hasita.

-Azaroaren 28an, 19:00etan, Euskal zinea, ‘Gazta Zati Bat’ dokumentala. Hitzordua, ‘Casa de Pepino’ dela lekuan izango da, Fructuoso Rivera kaleko 287 zenbakian.
-Azaroaren 29an, 18:30etan. Hizkuntz Gutxituengotu eta Gutxiarazitakoen topaketa Cordobako Liburutegian, 27 de abril kaleko 375 zenbakian.
-Azaroaren 30ean, 19:00etan, Zirt Zart! Musika eta dantzak hiriko kaleetan. Bilgunea Oinezkoen Kalean, Kabildoaren aurrean izango da.
-Abenduaren 1ean, 22:00etan, Erromeria eta klase irekia. Proyecto Rasante izeneko gunean, Pasaje Alameda, 2141 zenbakian.
-Abenduaren 2an, 17:00etan, "Txiki eguna". Umeei zuzendutako egun osoko ekitaldia. Las Tejas parkean.
-Abenduaren 3an, Liburu Askatzea. Gerorako kideek sortutako 24 liburu, jendearen eskuetan utziko dira Cordobako 24 plaza ezberdinetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia