Buenos Aires, Argentina. Argentinako Euskal Gizataldeak Etxe Arrosa ondoko Gernikako Arbolaren Kimua omendu du, landatu zutela mende bat bete denean, FEVA eta hainbat euskal etxetako ordezkari eta kideak, eta Eusko Jaurlaritza partaide, Gorka Alvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria eta Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkaria tarteko.
Gernikako Arbolaren kimu hau ez da Buenos Airesen dagoen bakarra edo zaharrena, bai ordea leku publiko esanguratsuenean dagoena, Argentinako presidente-egoitza den Etxe Arrosatik metro gutxi batzutara. Kimua 1919ko maiatzaren 11ean landatu zuten hiriko Laurak Bat Euskal Etxeko eta Monumentuaren aldeko Batzordeko burua bertan zirela, Errepublikako presidente Victorino de la Plaza eta Buenos Airesko alkate Arturo Gramajo partaide izan zituen ekitaldian.
Ekitaldi esanguratsua joan den larunbatean egin zen, landaketaren mendeurreneko egunean bertan, Euskal Herriari eskainitako BAC (Buenos Aires Celebra) festa erraldoiaren bezperan (ikus artikulu berezitua).
[Buenos Airesen, Etxe Arrosa atzean ikusten dela, Juan de Garay plazatxoan, dago omendutako Gernikako Arbolaren Kimua]