euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Euskal Liburutegien 18. Bilerak omenaldia egin dio kide izan zuen Maria Marta Arrachea mardelplatatarrari

2017/11/22

Maria Marta Arrachea, Euskal Liburutegien 12. Bilerako aurkezle (argazkia MF Astigarraga)
Maria Marta Arrachea, Euskal Liburutegien 12. Bilerako aurkezle (argazkia MF Astigarraga)

PUBLIZITATEA

Argentinako Euskal Etxeetako liburutegien Bilera Nazionala San Nicolaseko Euskal Astearen baitan egin zen. 18. edizioa zuen eta liburutegien kudeaketari lotutako zenbait gai jorratu zituen, tartean Euskadiko eLiburutegia plataforma digitala nola hobekien hedatu Argentinan. Liburuzainek denbora hartu zuten bihotzez omenaldi bat egiteko urtetan Mar del Platako Liburutegiko arduraduna izan zen Maria Marta Arrachea zenari, joan den otsailean eritasun gaizto batek gazte zendua.

San Nicolas, Argentina. Hots eta zalaparta handirik gabeko lana da euskal komunitatearen baitan euskal liburutegiek daramatena baina zinez garrantzizkoa. Izan ere gordailu eta hedatzaile dira eta bertan gordetzen da herri bakoitzeko euskal etxe eta kolektibitatearen historia eta ibilbidea.

Lan hori bultzatzeko eta ikustarazteko urtero antolatzen da Euskal Aste Nazionalaren programa barruan Liburutegien Bilera. Aurtengo edizioan sei euskal etxetako erreferenteak izan dira partaide hala nola General Rodriguezko Eusko Aterpea-ko Kika Vicente; Jose C. Pazeko Toki Eder-eko Irma Mosalini Zaldunbide eta Silvia Echenique; Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko Alfonsina Leranoz eta Noemi Perez Zuriarrain; Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-eko Laura Nobile; La Platako Euzko Etxeko Mª Fernanda Astigarraga; eta liburutegi anfitrioiaren izenean, Luciana Martin.

Topaketaren antolatzailetakoa izan den Mª Fernanda Astigarragak EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez, hizpide hartutako gaien artean San Nicolaseko Euzkal Etxeak eta hiriko 178. zenbakidun Institutuak sinatutako akordioa egon da. "Akordio honi esker, Euskal Etxeko liburutegian Liburutzaintza ikasten duten ikasleak aritu dira laguntzaile eta esperientzia horretaz jakinarazi nahi izan zigun Luciana Martin bileran". “Izan ere, esperientzia azpimarragarria da, kanpoko jendeari gure materiala ezagutzeko aukera ematen baitio. Eta horri lotuta, euskara eta euskal kultura normalean presente ez dauden lekuetara eramateko aukera dakar”, azaltzen digu Astigarragak. Horrekin batera, "Euskadiko eLiburutegia plataforma digitala hor dagoela eta balio handikoa izan daitekeela gure komunitateetan baitetsi zen eta lan bat dagoela hor Diasporako euskaldunen artean ezagutarazten eta bere erabilera bultzatzen, adostu zen (honi buruzko informazio gehiago, hemen). Oro har, komunitateari begira euskal liburutegiek egin ditzaketen ekintzak komentatu ziren, Arrecifeseko kasua eredu hartuz". Bilkuraren baitan José C. Paz-eko Toki Eder-eko ordezkariek Gipuzkoako Oñatitik jasotako liburuak --senidetuak daude Oñati eta José C. Paz-- banatu zituzten beste liburuzainen artean.

Bilera bukatu aurretik, eta Maria Fernanda Astigarragak prestatutako txosten bati esker, joan den otsailean gazte hil zen Maria Marta Arrachea ekarri zuten gogora liburutegietako arduradunek. Gogora dezagun Arrachea Mar del Platako Euskal Etxeko Liburutegiko liburuzaina izanik antolatu zela Argentinako euskal liburutegien lehenengo bilera, 1998an, Mar del Platako Euskal Astean. FEVAko liburutegien azpibatzordeko kide ere izan zen, eta Euskal Etxeko liburutegiko arduraduna izateari utzi ondoren ere, bere ordea hartu zuen Viviana Rosarengandik gertu jarraitu zuen, beti lagungarri eta laguntzeko prest. Zenbait ikerlan ere egin zituen Arracheak eta orokorrean lan handia egin zuen euskal liburutegien alde. Bileraren ostean, Euskal Astean dantzari gisa parte hartzera etorritako Maria Martaren bi seme Aitor eta Asierri euren amari buruzko txostena eskuz-esku eman eta harekiko bileran izandako oroitzapen eta ohoratzea jakinarazi zien Astigarragak 

Euskal liburutegien arloan egin beharreko lanei dagokienez, bilerei jarraipena emateko asmoa planteatu zuten liburuzainek eta horrekin batera trebatzeko eta eguneratzeko tailerrak antolatzeko beharra ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia