euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako euskal komunitateak Durangoko Azokan parte hartuko du, euskal etxeei eskainitako standean

2016/11/28

Durangoko Azoka aurreko urteetan
Durangoko Azoka aurreko urteetan

PUBLIZITATEA

Ostiral honetan irekiko ditu ateak 2016ko Durangoko Azokak eta abenduaren 6a bitartean euskal kulturaren topagune nagusi bihurtuko da. Aurten, bertan bilduko diren argitaletxe, disketxe eta euskal kultur munduarekin batera, Argentinako euskal komunitatea ere izango da partaide, Diasporaren ordezkari gisa. Azokan Argentinako euskaldunek argitaratutako liburuak ezagutaraziko dira eta zenbait hitzaldi eta aurkezpen ere egingo dituzte.

Durango, Bizkaia. Durangoko 51. Azoka ostiralean abiatuko da eta bost egunetan zehar euskal kultura munduaren topagune bilakatuko da. Landako pabilioian 246 erakusleiho jarriko dira eta bertan urtean zehar Euskal Herrian eta atzerrian argitaratu diren euskal liburu, disko eta argitalpen berriak ezagutzera emango dira, besteak beste.

Stand horien artean Diasporaren ordezkaritza bat ere izango da, zehazki, Argentinako euskal komunitatearena, iaz Bartzelonako Euskal Etxeak hasitako bidea jarraituz. Durangoko Azokak bultzatu zuen iaz euskal etxeen presentzia kulturaren plazan, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzarekin elkarlanean, euskal unibertso osoarengana heltzeko asmoz.

Aurtengoa, beraz, egitasmo honen bigarren urtea izango da, Argentinak Bartzelonaren lekukoa hartu ostean, Durangoko Azokak aditzera eman duenez. Stand honen kudeatzaileak FEVA Argentinako Euskal Etxeko eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritzako kideak izango dira.

Argitalpenak eta abizenak

Argentinako euskal komunitatearen standean hainbat argitaletxetako argitalpenak izango dira ikusgai: Diasporan egindako bertsolaritza batzen duen liburua, Radio Euskadiren historia aztertzen duen lana, Agirre Lehendakariaren bizitzan oinarritutako eleberria eta abar.

Horrez gain, standean zerbitzu interesgarri bat ere eskainiko da: euskal abizenek Argentinan duten zabalkundea kontsultatzeko aukera izango dute bisitariek, ordenagailu bidez. Bisitariak ikusiko duen bezala, abizen askok Argentinan Euskal Herrian baino zabalkunde handiagoa dute gaur egun. 

Hitzaldiak

Azkenik, Argentinako Euskal Komunitateak ere hainbat solasaldi eskainiko ditu Azokako Areto Nagusian. Hitzorduak honakoak izango dira:

-Abenduak 2, 14:00etan. "Gaurko Argentinako euskaldunak". Gaur egun Argentinan bizi diren euskaldunon arazoak eta errealitatea ezagutzeko solasaldia. Asier Vallejo, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak gidatuta.

-Abenduak 3, 14:00etan. "Argentinan euskaraz" egitasmoaren aurkezpena, Kinku Zinkunegi (HABE) eta Miren Arozarena (FEVA).

-Abenduak 4, 14:30ean. "Ekin, argitalpen eusko argentinarrak". Gaia eusko argentinarra duten 4 titulu aurkeztuko dira. Lehen aldiz Ekin argitaletxe argentinarra Azokan egongo da. Sortzaileak euren lanak aurkezten egongo dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia