euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako euskal etxeetan ere euskal hizkuntzaren doinua ozen entzun ahal izan zen Euskararen Egunean (eta II)

2009/12/28

Rosarioko Zazpirak Bat-eko euskaldunek Euskara stand bat muntatu zuten hiriko Gernika Plazan
Rosarioko Zazpirak Bat-eko euskaldunek Euskara stand bat muntatu zuten hiriko Gernika Plazan

PUBLIZITATEA

Euskal etxez etxe bidaiatu zen euskararen oihartzuna abenduaren lehenengo bi asteetan Argentinan zehar. Urte osoan egindako lana erakutsi nahian ikasle zein irakasleek topaketak eta jaiak antolatu zituzten. Kasu batzuetan, euskara ikasle (oraindik) ez direnek ere hartu zuten parte jakinminak bultzaturik. Euskal etxeetako gela eta kaleak ere gorri-berde-zuriz jantzi zituzten Argentinako euskaldunek arbasoen hizkuntza orain eurenganatuari merezitako omenaldia egiteko.

Pehuajo, Argentina. Euskararen Nazioarteko Eguna mundu osoan ospatu izana oso berri ona da eta horregatik Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxeko kideek bertako hedabide guztietara --egunkari, irrati zein telebista-- joan ziren euskaldunon hizkuntzari buruz hitz egitera, Euskal Herriko hizkuntza nolakoa den azaltzera eta bere ezaugarriez eta euskaldunentzako duen garrantziaz mintzatzera. Euskal Etxean bertan ere, komunitate osoari zuzendutako hitzaldi bat eman zen, Etxeko euskara irakasle eta ikasleen ardurapean. Bukatzeko, ekitaldi berezi batean, Euskal Etxeko gela bati Pello Mari Otaño ezarri zitzaion.

Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxea

[Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxeko kideek euskararen berri eman zieten bildutako umeei]

Buenos Aires probintzian ere, baina Tandileko Gure Etxea Euskal Etxera pasaturik, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera ikasturtearen amaiera ospatu zuten. Ekitaldi berezi honetan San Frantzisko Xabierri buruzko hitzaldi bat eman zen eta ziurtagiriak banatu zitzaizkien euskara ikasleei. Ekitaldia bukatutakoan, otordu bat eskaini zieten uskal Eetxekoek bertaratutakoei.

Tandileko Gure Etxea

[Tandileko euskara ikasleak: Luciana Egaña, Lourdes Arrastio, Juliana Bravo, Hilda Martens, Ma. del Carmen Alonso, Clarisa Egaña eta Alicia Gardey Beatriz Poumé eta Cecilia Cenoz irakasleekin, azken hau aldi berean EEko lehendakaria]

General Rodriguezeko Eusko Aterpean ere abenduaren 5ean burutu zuten jaia. Euskal etxe honetan helduentzako nahiz umeentzako euskara tailerrak ematen dira martxotik abendura eta Euskara Egunaren festarekin amaitutzat eman zituzten aurtengoz. Alberto Martín Duhau, Agustina Andrea Olaizola eta Camila Maite Taretto dantzarien esku egon zen Aurreskua dantzatzeko ohorea. Ekitaldiarekin jarraitzeko, Alicia Itcea irakasleak hitzaldi labur bat eskaini zuen. Bere mintzaldian, Itcea Euskararen Egunari buruz mintzatu zen eta bereziki nabarmendu zuen azken hamar urte hauetan Eusko Aterpean euskarak izan zuen lekua.

Ondoren, ikasleek egindako bost bideo ikusi ahal izan ziren baita erakundearen hamargarren urteurreneko bideo instituzionala --Martín Duhau-k egindakoa-- ere. Ondoren, ikasleek eta Bahia Blancako Euskal Astean sarituak izan ziren lagunek ziurtagiriak jaso zituzten. Itziar Mohr dantza irakasleak eta berak zuzentzen duen taldeak emanalditxo bat eskaini zioten publikoari eta horren ondoren gonbidatu guztiak ordu txikiak arte iraun zuen erromeria batera bildu ziren. ospakizunean Pilar-eko Euskal Etxeko kideak lagun izan zituzten Rodriguezkoek.

Gral Rodriguezko Eusko Aterpea

[Gral. Rodriguez Eusko Aterpean, Alicia Itcea irakasleak euskarari buruz hitz egin zuen]

Euskararen Eguna ospatzeko beste era bat aukeratu zuten La Platako Euzko Etxea-ko txikiek. Hauek Donostiatik ekarri zuten danborren burrunba eta arrabotsa eta --bai-- Donostiako Danborrada interpretatu zuten. Musikarekin eta Sarriegiren  naireekin bukatu eta gero ikasleak Plaza Morenora joan ziren, Gernikako Arbolaren gerizpean tradizio den mateada egitera.

La Platako Euzko Etxea

[Donostiako Danborrada egin zuten ikasleak María Laura Galarraga irakaslearekin]

Santa Fe probintziara aldatuz, abenduaren 5ean eta Rosarioko Gernika Plazan, Zazpirak Bat-eko kideak komunitatearekin bildu ziren Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Euskara stand bat muntatu zuten plazan eta bisitariek “pixka bat” ikasi ahal izan zuten paneletatik pasatuz. Plazara bertaratu zirenek euskal plater tipikoez ere gozatu ahal izan zuten, baita musikaz eta dantzaz ere.

Rosarioko Zazpirak Bat

[Rosarioko Gernika Plaza Euskararen Eguneko ekimenak garatzen]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia