12 urte arteko gaztetxoak ziren, eta eurekin batera hirurogei bat begirale eta ehun bat laguntzaile ere bildu zituen joan den larunbatean Llavallolgo Euskal Echea Ikastetxeko ekitaldiak, Topaketaren 20. edizioa behar bezala ospatzeko. Egun osoan zehar neska-mutilek euskal kulturari lotutako hainbat joko eta proposamen garatu zituzten, ekitaldiaren helburua ondo asko betez, esan nahi baita euskal etxeetako txikienen arteko loturak sortu, indartu eta areagotuz.
Llavallol, Argentina. Joan den larunbatean, urriaren 7an, egin da aurten FEVAren Umeen Topaketa. Ekitaldia behar bezala burutu ahal izateko, ordea, aldez aurretiko prestaketa lan handia egin behar izaten dute txikiek bakoitza bere euskal etxeko musika, dantza edota kultur tailerretan. Aurtengo eginkizunak, norberak bere euskal etxetik prestatuta ekarri beharrekoak, mural bat (dantzariak marraztuz) izan dira, eta kometa bat (ikurrinaren koloreekin).
Jarduerak goizean goiz hasi ziren eta eguraldia lagun, iragarrita zegoen programa osoa garatu ahal izan zuten antolatzaileek, hala nola, hurrenez hurren, ordezkaritzen harrera eta gosaria; ongietorria eta jolasak –hamaika erronkako zirkuito bat–, bazkaria; kometak, dantzak eta abestiak, muralen trukatzea eta ‘Gora Behera’ koreografia partaide guztiak elkarrekin egitea. Topaketari amaiera emateko, guztiek askaria partekatu zuten.
Topaketaren 20. edizio honetan, euskal etxeetako hirurehun bat txikik hartu zuten parte eta 60 begiralek hartu zuten euren gain umeak zaindu eta laguntzeko ardura. Horrez gain, bestelako laguntzaile ugari ere bertaratu ziren Llavallolera hainbat eginbehar –sukaldean bereziki– betetzeko. Eta zenbakiak zenbaki baino ez izanik, kasu honetan adierazgarriak dira oso.
FEVAtik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez, gizataldeak garatzen dituen beste hainbat ekimen bezala, hau jende askok elkarrekin ahalarazten duen lana da: “Euskal Echea-ko agintariak lagun izan ditugu ekitaldian eta euskal etxe askotako lagunek ere posibl egin dute, eta hori azpimarratu nahi dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu nabarmentzea topaketara etorri aurretik umeek eta euren irakasleek luzaroan egindako prestaketa lana; hogei urte eta gero, lotura eta engaiamendu maila handia lotu ditu Topaketak, eta partaideek oso jarrera egokiz eta ilusioz beterik hartzen dute parte”.
Agur esateko momentuan, ‘Hurrengora arte’ batekin agurtu zuten elkar partaideek.