Buenos Aires, Argentina. Musa, 200 urtetik gorako historia duen euskal karta joko tradizionala, Argentinan klub, taberna eta, nola ez, euskal etxe askotan jokatzen da. Gaur egun herrialde osoan ehun bat euskal etxe badaude ere, hogei batean bakarrik antolatzen dira txapelketa ofizialak. Gehien bat gizonen artean eta, oro har, adinekoak partaide. Erronka, emakumeak etagazteak, neskak zein mutikoak, erakartzea da, belaunaldien arteko transmisioa ziurtatzeko. Horretarako, ikastaroak eta tailerrak ari dira antolatzen zenbait euskal etxetan.
“Beti gabiltza euskal etxe gehiago batu nahian, oraindik ez dugu asmatu, baina ari gara. Bahia Blanca edo Villa Mariakoa bezalako Euskal Etxeek parte hartu nahi izan dute, baina ez da lortu, baina gure xedeak segitzen du”, esan dio Euskalkultura.eus-i Mus Federazioko presidente Fernando Mujica macachindarrak
Mus txapelketak, tailerrak, emakumeak eta euskara
Jokoa sustatzen ari diren euskal etxeen artean, Mar del Platako Denak Bat dago: laster Luis María Vicenteren eskutik “80. Urteurrena Mus Tailerra” eskainiko du. Hiru topaketa antolatu dituzte, martxoaren 20an eta 27an eta apirilaren 3an. Bere aldetik, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeak “Hasiberrientzako mus tailerra” abiatu berria du. Kasu ezohikoa da, jarduera emakume batek zuzentzen baitu. Graciela Confalonieriren ardurapean dago 11 emakumek eta 3 gizonek parte hartzen duten tailerra. Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarteak ere bat egingo du zabalkundearekin, mus tailer baten bidez, baina, kasu honetan, gainera, jokoa euskaraz ikastea izango du helburu.
Abuztuan, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak hartuko du bere baitan Argentinako 43. Mus Txapelketa Nazionala antolatzeko lana. Txapeldunak Argentinako Mus Federakundearen ordezkari izango dira Txilen urrian egingo den Mundu Txapelketan. Herrialde bakoitzean, euskal etxe bakoitzak bere barne txapelketa egiten du. Hor aukeratzen dute Txapelketa nazionalean Euskal Etxearen ordezkari izango den bikotea.