euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako euskal etxeek eta euskaldunek dena prest dute Aberri Eguneko ospakizunetarako

2009/04/09

Iazko Aberri Eguneko ospakizuna Jose C. Pazeko Euskal Etxean (argazkia JoseCPazEE)
Iazko Aberri Eguneko ospakizuna Jose C. Pazeko Euskal Etxean (argazkia JoseCPazEE)

PUBLIZITATEA

Munduan zehar sakabanatuta dauden euskaldunetako asko dagoeneko prestatzen ari dira Aberri Egunaren ospakizunak. Hegoaldeko hemisferioko euskal etxeetan, Aberri Eguna urteko lehenengo ospakizunetako bat da. Hori dela eta, gehienek ekitaldiren bat antolatzen dute data berezi hori aldarrikatzeko eta aldi berean, euskal etxeko kide guztiekin urteari hasiera emateko. Argentinako euskal etxe batzuetan, asteburu honetan bertan izango dira ekitaldiak, Berpizkunde Egunarekin batera. Beste euskal etxe batzuetan, ospakizunak atzeratu egingo dira Aste Santuko oporrak pasa arte.

Buenos Aires/Argentina. Batzuek Aste Santuan bertan, baina aurretik ospatu ohi dute Aberri Eguna, eta hori da San Nicolaseko euskal etxearen kasua. Herri honetako euskaldunak Ostiral Santuan bilduko dira euren egoitzan txipiroiak prestatzeko. Herriko jendea hurbilduko da gero euskal etxeraino euskal plater tipiko hori erosteko eta dastatzeko.

Lapridan, Buenos Aires probintzian, Lagunen Etxea elkarteak larunbat honetan ospatuko du Aberri Eguna, dantzari topaketa batekin. Dantza erakustaldiak, kalejira, Euskal Herriari buruzko hitzaldia eta erromeria egingo dute.

9 de Julio herriko euskaldunak, ordea, ez dira asteburu honetan fisikoki elkartuko; alabaina, bertako egunkarietan artikulu berezi bat argitaratuko dute Aberri Eguna zer den azalduz, euskal komunitatearekin harremanik ez dutenek data honi buruz jakin ahal izan dezaten.

Cordoba hiriko Euskal Etxeko kideek, izen bereko probintzian, ospakizuna Berpizkunde Igandearen hurrengo igandean egin ohi dute. Hiri honetan aurtengo ekitaldiak apirilaren 18an hasiko dira, iluntzeko zazpietan, Gernika Plazan. Han, lore-sorta utziko dute Gernikako Arbolaren Kimuaren aurrean, eta euskal etxeko lehendakari Alejo Martinek Aberri Egunari buruzko hitz batzuk esan ondoren, dantza taldeek ikuskizuna eskainiko dute. Ekintzekin bukatzeko, gaueko hamarrak aldera afaria egingo dute Gure Txokoa-ko egoitzan.  

Rosarion, Santa Fe probintzian, Aberri Eguna Aguna apirileko 17an eta 18an ospatuko da. Ostiralean hitzaldi bat emango dute euskal etxean bertan eta hurrengo egunean, larunbatean, afaria eskainiko diete kide guztiei. Afarian, etxeko dantzariek haien dantzekin, musikaz eta kolorez alaituko dute jaia.

Buenos Aires hiriburuan, hiru erakunde elkartuko dira data garrantzitsu hau oroitzeko. Iparraldeko Euskal Etxea, Euskaltzaleak eta Eusko Kultur Etxea bilduko dira 18an, Iparraldekoen etxean afari bat egiteko. Iluntzeko zazpietan, Carlos Martinezek hitzaldi labur batekin hasiera emango dio bilerari, eta jarraian Aitor Alabak Ohorezko Aurreskua egingo du. Etxekoek pintxoak prestatuko dituzte gonbidatuentzat eta denak elkarrekin topa egingo dute Euskal Herriagatik.

General Rodriguez herrian era argentinar batean ospatuko da. Eusko Aterpea euskal etxekoek “errekia” prestatuko dute haiekin ospatu nahi dutenetzat. Hitzordua apilaren 19an da, eguerdiko 12:30etan, ‘Ayelen’ kintxoan (Ruta 5 eta Manuela Maison).

Buenos Aires probintziako hegoaldean, Tandiletik, ere heldu zaigu informazioa. Bertako euskaldunek apirilaren 26an oroituko dituzte euren egutegian oso bereziak diren bi data: Aberri Eguna eta Gernikako bonbardaketa.

Arrecifesen, berriz, maiatzaren 2an euskal etxeko bilkura gauzatuko da eta horren ondoren, kideak gonbidatuta daude Aberri Egunaren karietara topa egitera. Ekimena ez da han bertan bukatuko. Jaia hurrengo egunera arte luzatuko da, Euskal Herriko egunarekin batera, Ugarritzak dantza taldearen 20. urtemuga ospatzeko.

Bukatzeko eta behin betiko egitaraua oraindik izan ez arren, La Platako Euzko Etxeak jakinarazi digu Aberri Eguna maiatzaren 9an  ospatuko dutela afari batekin. Besteak beste, Txileko Santiagoko Euzko Etxeakoek ere astebete beranduago egingo dute Aberri Eguneko festa, meza batez hasirik, pilota eta dantza eta kantua barne, Euskal Abesbatza partaide, bazkari batez eta zenbait ekitaldiz eguna Eusko Etxean burutzeko.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia