La Platako Unibertsitateko Gogoetarako Irlandako Katedra Askeak eta Lauburu Argitaletxeak bat egin dute Maria Eugenia Cruset Historia Doktorearen ikerketa argitaratzeko. Egilearen esanetan, lana akademikoa da, "Nazioarteko Harremanei buruzko nire master tesiaren jarraipena nolabait", "baina oso erraz irakur daiteke eta interesgarria suertatu ahal zaie ikertzaileei baina baita publiko orokorrari ere”.
La Plata, Argentina. Egilearen hitzetan, “Nazionalismoak eta diasporak. Euskaldunak eta irlandarrak Argentinan (1862-1922) liburuak irlandarrak eta euskaldunak Argentinara nola iritsi ziren deskribatzen du. Zergatik etorri ziren, nola moldatu ziren eta herrialde berri honetan nola aurreratu zuten ere azaltzen du. Eta horretaz aparte, euren herriekin zernolako harremana izan zuten eta nola jarraitzen zuten kontaktuan ere ikertzen du. Hemen sortu zituzten elkarteak, haien aktibitate politikoa, nazionalismoak, borroka armatuak, emakumeen rola eta elizaren eragina ere agertzen dira ikerketan”, azaldu dio Maria Eugenia Cruset-ek EuskalKultura.com-i.
Bi herri hauek ikerketa-objektu hautatzearen arrazoiak galdetzean, bi motatakoak eman ditu historialariak: “Alde batetik, badago azalpen akademiko bat; bestetik nik neuk baditut euskal eta irlandar arbasoak. Eta euskal kolektibitatearekin lotura dut hainbat arlotan; nire doktore-tesia Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztu nuen eta pare bat aldiz izana naiz Euskal Herrian. Argentinan ere ere badut harremana euskal instituzioekin; FEVAren kultur eskaintzaren baitan euskal etxe batzuk bisitatu ditut, Arturo Campion Ikasguneko kide naiz, eta Udako Euskal Unibertsitatea izeneko proiektuan lagundu nuen. Aipatu behar dut, gainera, La Platako Unibertsitateko Estaturik gabeko Nazioen Behatokiko Irlandako saila koordinatzen dudala. Eta bertan Euskal Herriak ere badu toki bat” jakinarazi digu adituak.
Nazionalismoak eta diasporak. Euskaldunak eta irlandarrak Argentinan (1862-1922) liburua La Platako Unibertsitateko Gogoetarako Irlandako Katedra Askeak eta Lauburu Argitaletxeak elkarrekin egindako lanaren emaitza denez, Argentinan lor daiteke; aipagarria da gainera liburuak Argentinako Irlandako Enbaxadaren babesa duela. “Katedra Askeko zuzendaria izanik, ni neu arduratuko naiz liburuaren banaketaz. Aleak eskatzeko, interesatuek idatzi baino ez dute, mcruset@hotmail.com helbidera; 150 peso balio ditu (bidaltze gastuak gehitu behar dira). Hala ere, oso esperientzia atsegina izan da beti euskal etxeak bisitatzea, beraz, gonbidatuz gero, prest nago inguruetako euskal etxeetara joan eta bertan aurkezteko”, adierazi du Cruset-ek.
Gogora dezagun Maria Eugenia Cruset doktorea dela Historian eta gaur egun irakasle aritzen dela La Platako Unibertsitate Nazionalean eta baita bertako Unibertsitate Katolikoan ere. Halaber, irakasle gonbidatu aritu ohi da Ipar Amerikako eta Europako zenbait unibertsitatetan, tartean, EHUn. Aditu laplatatarrak ikerketa anitz dauzka eginda eta hamaika kongresutan hartu du parte, hizlari zein koordinatzaile gisa.
Bere argitalpen batzuk https://unlp.academia.edu/MariaEugeniaCruset helbidean kontsulta daitezke.