euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkarte historikoak bereganatu du 2016ko ENE Saria

2016/12/03

Euskal Echea eskolako ikasleak azkeneko Korrikan partaide (argazkia Euskal Echea)
Euskal Echea eskolako ikasleak azkeneko Korrikan partaide (argazkia Euskal Echea)

PUBLIZITATEA

Eusko Ikaskuntzak abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat banatzen duen ENE Saria Argentinako Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkarte historikoari egokitu zaio aurten, "euskara eta euskal kulturaren alde iaz eta orain arteko 112 urteko ibilbide luzean eginiko ekarpenaren karietara". Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkartea 1904an sortu zen Argentinan, eta gaur Llavallol (Buenos Aires probintzian) eta Buenos Aires hiriburuan dauzkan bi zentruetan milaka ikasle dauzkan eskola da, bere jatorria ahaztu gabe euskara, euskal kultura eta dantza ikasgai maten dituena.

Donostia-San Sebastian. 2016ko ENE Saria irakaskuntza arloko Euskal Echea erakunde handi eta prestigiotsu honi egotzi zaio. Eusko Ikaskuntzak nabarmendu duenez, Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkartea 1904. urtean sortu zen "Jaungoikoa, Sorterria eta Lana" (eta honela du bere instalazioetan bertan harrian ezarria, sic, euskaraz) euskaldunak eta argentinarrak batzeko bazkundea izateko helburuarekin, Euskal Herriaren, euskal kultura eta balioen zabaltzaile, klase apaletako gazteen irakasle eta euskal zein argentinar jatorriko adinekoen babesle. Elkartea, euskal etxe gisa dago egun erregistratuta Eusko Jaurlaritzaren aurrean eta irakaskuntza alorreko bere lanaz gain, zaharretxe bat ere badauka bere barnean, estatutuek esan bezala, euskal zein argentinar jatorriko edadetuei abegi emaile.

ENE Saria berari egozteko, baina, gogoan hartu da baita ere 2007tik aurrera bere ikaskeen artean garatzen ari den proiektua, euskara eta euskal kulturari bultzada berezia emanez. Egun, bakarrak dira euskara irakasgai kurrikalarra izatea lortu dutenak. Instituzioak, bestalde, beti gorde izan du euskal jatorriarekiko bere lokarria eta hori, eskolaren sinbologia eta agerpenetan nabarmendu ez ezik, bere ikasleek ehun eta gehiago urteetan jaso duten erakunde-irakatsian zertu da.

Urtean ematen dituzten euskara klaseetaz gain, besteak beste, Korrika ospatzen dute, euskal dantza eta musika egin, abesbatzak izan eta Argentinako Euskal Etxeen umeen topaketa egiten dute euren egoitzetan, baita euren ikasleenak ere... eta Euskararen Naziorteko Egunaren ospakizuna bera ospatzen dute baita ere. Gainera, gelen, aretoen eta pasilloen seinalektika euskaraz izan dute historikoki eta baita gar egun ere, "Jai Alai", "Gernika" edo "Guretzat" bezalako izendapenak topa daitezkeela euren hormen an.

Eusko Ikaskuntzaren izendapen-idazkiak gailentzen duenez, ENE Sariaren epaimahaiak azpimarratu nahi izan du "Euskara gai kurrikulartzat daukan eskola bakarra d(el)a. Argentinan lan mordoa egiten duen erakundea da eta bolumen aldetik irismen zabala dauka, 1.500 umeetara heldu ezik, euren beste 1.500 familietara heltzen baitira ere". Halere, epaimahaiak argi utzi nahi izan du urtean urteko lanari so egiten diola eta "beste erakunde ugari oso bide egokian ari dir(el)a, testuinguru apalago batetan egonda ere (edo ez). Pauso sendoak ematen ari dira euskara eta euskal kulturaren aldeko lanean". Kasu guztietan ere, etorkizunari begira lanean jarraitzera animatu nahi izan dituzte.

2017ko urte hasieran, ekitaldi publiko batetan ekingo dio Eusko Ikaskuntzak saria emateko ekitaldiari, oraindik zehaztu gabeko datan.

ENE Sariaren 11. edizioa

Eusko Ikaskuntzak 2006an abian jarri zuen sari berezi hau munduan zehar euskal hizkuntza eta kulturaren mesedean lan jarraia egiten ari diren erakundeen lanen aitortza egin, ikusgarritasuna eman eta aurrera jarraitzeko bultzada emateko xedez. ENE Sariaren garaikurra Nestor Basterretxea artistak diseinatutako anagrama eskultoriko baten erreprodukzio bat da.

1949an aldarrikatu zuen Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE), euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna mundu zabalera adierazteko. 

Ondorengoak dira ENE Sariaren aurreko edizioetako saridunak:

2016: Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkartea (Argentina)
2015: Associazione Culturale Euskara. Erroma (Italia)
2014: Gernika Deusch - Baskischer Kulturverein. Berlin (Alemania)
2013: Euskaltzaleak - Escuela de Lengua Vasca. Buenos Aires (Argentina)
2012: Unión Vasca Euskal Etxea. Bahía Blanca (Argentina)
2011: Hogar Vasco - Euskal Etxea. Madril (Espainia)
2010: Sustraiak - Erroak Elkartea. Paris (Frantzia)
2009: The North American Basque Organizations federazioa (Estatu Batuak)
2008: Eskualdunen Biltzarra­ - Association des Basques. Bordele (Frantzia)
2007: Bartzelonako Euskal Etxea. Bartzelona (Katalunia)
2006: Artaburu Euskaltzale Elkartea. Mar del Plata (Argentina)

-Euskal Echeak 100 urte bete zituela Magdalena Mignaburuk Euskonews-en argitaratu artikulua



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia