euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako euskal dantzari bat AEBn, Martiniano Etchart-ek Hizkuntzalaritza Aplikatu sari bat jasoko du Denverren

2025/02/17

Ezkerreko argazkian, Martiniano Donibane Garazin; eskuinekoan, Wisconsineko Unibertsitatean
Ezkerreko argazkian, Martiniano Donibane Garazin; eskuinekoan, Wisconsineko Unibertsitatean

PUBLIZITATEA

Madison, AEB. Martiniano Etchart Cañuelaskoa da, Buenos Aires probintzian, dantzari trebatua eta pertsona oso ezaguna Argentinako euskal etxeetako dantza zirkuituetan. 2018an Estatu Batuetara etorri zen, ingeles irakaskuntzako bere ikasketak jarraitzeko. Gaur egun doktoretza ari da egiten Madisonen, Wisconsingo Unibertsitatean, eta aste honetan berri bikaina jaso du: AEBko Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Elkarteak (AAAL ingelesez) bere ikerlana saritu du, graduondoko ikasleei ematen dien 2025eko sari bat emanez, eta elkarteak urtero antolatzen duen Konferentzian eskuratuko dio Martiniano bertan partaide eta lanaren aurkezle izango dela.

“Sariak dakarren ospe eta errekonozimendu profesional eta akademikoaz gain, ekarpen ekonomikoa ere badu, Konferentzian parte hartzeko erraztasunekin batera. Mundu osoko 1.700 bat hizkuntzalari arituko dira partaide hitzaldietan eta 900 saio baino gehiago eskainiko dira”, adierazi dio dantzariak EuskalKultura.eus-i.

Euskal gizataldearekiko lotura

Azken urteotan AEBn finkatua, Madison (AEB) da gaur egun argentinarraren bizilekua —“doktoretza bukatu arte behintzat, gero ikusiko…”— baina harreman estua mantentzen du bere jaioterriko Euskal Etxearekin. “Ezinezkoa litzateke euskal etxearekin kontakturik ez izatea. Sare sozialei eta teknologiari esker erraza da, baina ez da hori bakarrik. Cañuelasera itzultzen naizen bakoitzean ezinbestean joaten naiz Denak Bat-era. Eta besarkada bero batekin hartzen naute, oraindik astero-astero entseguetara joango banintz bezala. Eta horrek asko esaten du Diasporari buruz oro har eta Cañuelaseko Denak Bat-i buruz”, azpimarratzen du.

Distantziak leku batetik urruntzen bazaitu, beste batera hurbiltzen zaitu, jakina, eta hurbiltasun horrek aukera polita emango dio aurten dantzariari: “Asmoa dut aurten Boiseko Jaialdira joateko. Estatu Batuetara iritsi nintzenetik daukat buruan; COVID dela eta bertan behera utzi behar izan zuten aurrekoan baina aurtengo uztailean egingo dute eta dena ondo badoa bertan izango naiz. Horrela, Cañuelasen bezala, lagun euskaldunekin bildu eta euskal giroaz eta euskal dantzaz gozatuko dut”.

Euskal arbasoen bila

Txiki-txikitatik Euskal Etxeko kide izan arren, Martinianok ez zuen Euskal Herria Ezagutu 2023. urte arte. “2020an planifikatuta neukan bidaia, baina pandemiagatik ezin izan nuen egin, baina duela bi urte bai, bete ahal izan nuen ametsa”, kontatu digu. “Auto bat alokatu eta Bilbotik Gasteizera joan ginen arreba eta biok hainbat hiri bisitatuz, tartean Bermeo, Gernika, Zumaia, Donostia, Hondarribia… eta baita Donibane Garazi ere. Nire birraitonaren aita, Etchart Camino, hangoa zen eta oso berezia izan zen niretzat herria ezagutzea”, kontatzen du.

“Hunkitu egin ginen kaleko karteletan gure abizena ikustean… Zoritzarrez, ezin izan genuen Etchart familiako inorekin harremanetan jarri, denbora eta informazio gutxi geneukalako. Beraz, EuskalKultura.eus-eko irakurleren batek Donibane Garaziko Etchartarrak ezagutuko balitu eta informazioa pasatzerik izango balu asko eskertuko nioke. Hurrengo bisitan, oso polita litzateke familia ezagutzea”, esan digu Cañuelasko dantzariak (kontaktua, hemen)

Martxoaren 22an jasoko du saria, Denverren egingo den AAAL Ameriketako Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Elkartearen Konferentzian. Zorionak!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia