euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako Euskal Aste Nazionala 2011 Necochean izango da, azaroaren 7tik 13ra, Euzko Etxeak antolatuta

2011/04/08

Necocheako Euzko Etxea-ko buruzagitza, Felipe Muguerza lehendakaria buru, azaroan egingo den Euskal Aste Nazionala aurkezteko eginiko agerraldian (argazkia Ecos Diarios)
Necocheako Euzko Etxea-ko buruzagitza, Felipe Muguerza lehendakaria buru, azaroan egingo den Euskal Aste Nazionala aurkezteko eginiko agerraldian (argazkia Ecos Diarios)

PUBLIZITATEA

Apurka apurka gauzak aurrea doaz 2011ko Argentinako Euskal Aste Nazionalari dagokionez. Jakina denez, aurtengo edizioa Buenos Aires Probintzia hegoaldeko Necochea kostaldeko hirian egingo da, eta antolaketa lanetan dabil buru-belarri bertako Euzko Etxea euskal etxea, elkarteko eta antolaketa-batzordeko buru Felipe Muguerza delarik. Ohi bezala, euskal elkarretaratze handi horretako egun nagusiak ostirala, larunbata eta igandea izango dira, baina egitaraua azaroaren 7tik 13a bitartean garatuko da, astelehenetik igandera, kultura, kirolak, musika, dantza, artea eta jai giroko ekimen ugari bilduz.

Necochea, Argentina. 2011ko Euskal Aste Argentinarra Necocheara ekartzeak badu zerikusia, izan ere, duela 30 urte hirian bertan gertatutako jazoera gogoangarri batekin. Gogoratu behar baita, 1981ean, Necocheak hiri bezala 100 urte betetzen zituen urtean, urte hartako Euskal Astea antolatu zuela orduan ere, eta urte hartan, Euskal Herrian Eusko Jaurlaritza berrabiatu berria zelarik, lehenengo aldiz etorri zela Argentinara eta Euskal Aste Nazional batera Euskadiko ordezkaritza ofizial zabal bat, eta etorri eta erabat txundituta itzuli zirela Euskal Herrira, gehienek ez baitzuten ezagutzen eta igerri ere ez baitzuten egiten Diasporan halako euskal errealitate bizia egon zitekeenik, Euskadi bera esnatzen ari zenean frankismopeko urteetatik.

Horren lekukotasuna eman du aste honetan hori guztia bizi izan zuen eta egun ere Necocheako Euzko Etxea-ko lehendakari gisa euskalgintzari atxikita bizi den Felipe Muguerzak. Urte harek eta bisita harek harremanaldi berri bat hasi zuen Jaurlaritzaren eta Argentinako diasporaren eta oro har Diasporaren artean, besteak beste gaur egun Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritza denaren abiatzea hasiz, eta geroztik kanpoko euskaldunen arloan eta euskal etxeen arloan onartu diren legeak eta ibili den bideari ekinez.

Necocheako Euzko Etxeak aurreratuta dauka 2011ko Euskal Asteko egitaraua eta ohi bezala Argentina osoko dantza taldeak, euskal etxeetako ordezkaritzak, herrialde osoko euskaldunak, eta baita ondoko herrialdeetakoak ere espero dira, Euskal Herriko hainbat euskaldunekin batera. Euskal Herritik etorriko den ordezkaritza ofizialaz gain, artistak ere bilduko dira Necocheara, eta oraindik tratuak erabat itxita ez badaude ere Aukeran talde eta ikuskizuneko dantzari eta kideak espero dira, eta baita ere seguruenik Gozategi taldea, azken hauek aurretik ere egonak Necochean.

Antolatzaileek horretarako baimena eman bezain pronto argitaratuko dugu EuskalKultura.com-en honen guztiaren xehetasun.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia