euskal diaspora eta kultura
2013/03/12
PUBLIZITATEA
Ayacucho, Argentina. Joan den ostiralean, martxoaren 8an, eta Txahalaren Festa Nazionalarekiko atxikimendua adierazteko, euren urteroko ‘Euskal Peña’ ospatu zuten Ayacuchoko Euskal Odola-ko lagunek. Aurreko edizioetan bezala, 2013 honetan ere lagun ugari bildu ziren euskal etxeko egoitzara musika eta dantza ikuskizunez gozatu eta 41. Festako erregina izateko aurkeztutako hautagaiak ikusteko.
Bi musikari taldek jo zuten euskal etxeko tauletan. Hasteko, Hugo Ariasek, Agustin Cadenasek, Rodolfo Garciak eta Agustin Bertolik osatutako ‘Los Chamameceros’ laukoteak errepertorio zabala eskaini zuen jendeak dantza egin zezan. Ondoren, eta arrakasta berarekin, Matias eta Nicolas Pessi anaiek ‘Hegoaldeko doinuak’ ekarri zituzten festara.
[Ayacuchoko Txahalaren 41. Festa Nazionalean aurkeztuko diren erreginak izateko hautagaiak euskal etxean aurkeztu ziren lehenago (argazkiaEE)]
Jaiari amaiera emateko, euskal erritmo eta koloreek bete zuten aretoa. Belen Zabaleta zuzendari, euskal etxeko dantzariek Euskal Herriko dantzak erakutsi zizkieten bildutako lagunei. “Txahalaren 41. Festa Nazionala aste osoan luzatuko da eta amaieran euskaldunok ere egongo gara. Igandeko kabalkadan euskal karroza batekin hartuko dugu parte. Etxeko txikiak gurdiaren gainean ibiliko dira eta gure dantzariek, Tandilgo Gure Etxea-koekin batera, desfilea ederduko dute euren koreografiekin”, jakinarazi dio Euskal Odolako kide Maria Nilda Ilarregui-k EuskalKultura.com-i.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus