Espainiako poliziaren jokabideak zortziehundik gora zauritu utzi zituen populazio zibilean joan den igandean, urriaren 1ean, Kataluniako gobernuak deitutako --eta epaileek legez kanpokotzat jotako-- erreferendum deiari erantzun zion bi milioitik gorako biztanleria bozkatzera joan zenean. Bartzelonan eta beste hamaika herri eta hiri katalanetan jasotako irudiek mundua zeharkatu dute komunikabideen eta sare sozialen bidez eta, horien aurrean, euskal diasporako hamaika pertsona eta erakundek alkartasuna adierazi diote Kataluniako herriari.
Buenos Aires, Argentina. Bartzelona beretik, Katalunia bizitzen ari den prozesuan parte aktiboa harten ari den Bartzelonako Euskal Etxeak bat egin zuen jazotakoaren aurrean astearterako, urriaren 3rako, deitutako geldialdi orokorrarekin eta ateak itxi zituen egun osoan bere alkartasuna de salaketaren adierazgarri.
Argentinan, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxea aurreneko euskal erakundeetakoa izan zen bere alkartasun mezua zabaltzen. Munduko euskal etxe dekanoak bere "zinezko errefusa" adierazi zuen "Estatu espainiarrak herri katalanaren aurka erabilitako bortizkeria jokabide izugarriagatik". "Pertsonen eskubideen erabilera demokratikoak eta norberaren borondatearen adierazpenak ez dute seguritate indarren errepresioa jasan behar", baitesten zuen plazaratutako oharrean. Argentinako euskal etxe guztien ordezkari den FEVA federazioak bat egin zuen Laurak Bat-en komunikatuarekin.
Buenos Aireseko Euskaltzaleak-ek ere herri katalanarekiko alkartasun mezua helarazi du gure erredakziora, gogor salatuz "Espainiaren errepresioa" eta "herrien eskubideen aldeko" bere jarrera. "Euskaltzaleak osatzen dugunok adiskidetasun mezua helarazi nahi diogu Espainiako Estatuaren biktima den herri kataluniarrari". "Azken asteburuan ikusi ditugun gertakariek begi bistan utzi dute Espainiako Gobernuak erantzun bakarra daukala erabakitzeko eskubidearen aurrean: errepresioa. Espainiako Segurtasun Indarren bortxakeria salatu nahi dugu eta herri kataluniarraren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu. Visca Catalunya! Gora herriak!", dio sare sozialetan ere banatu duten mezuak.
Cordoba hiriburutik ere iritsi da Kataluniaren aldeko mezurik, Gerora Euskal Elkarteko lagunak sareetara atera baitira espainiar poliziaren jokabidea salatu eta Espainiako gobernuak jarrera baketsuko herritarrak egurtzeko hartutako erabakiak gaitzetsiz. "Espainiako Estatuak Bartzelonan egindako eraso larrien aurrean, Gerorak herri kataluniarrarekiko adiskidetasuna adierazi nahi du eta herriek erabakiak demokratikoki hartzeko daukaten eskubidea berretsi nahi du".
Pergaminoan, bilera egiten ari ziren zenbait euskal etxek eta Kataluniako informazioak iritsi ondoren, hiriko Lagun Onak Euskal Etxeak eta berarekin batera bilerako partaide ziren zenbait euskal etxek euren hurbiltasuna eta alkartasuna agertarazi nahi izan zuten herri katalanarekiko eta horren adierazgarri senyera izardunarekin atera zuten argazkia.
Katalunia bizitzen ari den procès delakoarekiko atxekimenduz eta bide horren xehetasunak hurbilagotik ezagutu nahirik Argentinako euskal komunitateko hedabideak ere ari dira lekukotasunak eskaintzen, eta hala egin zuen, esaterako, Rosarioko 'Euskaldun hitza, Palabra de Vasco' irratsaioak, Luis Maria Barrandeguy-k elkarrizketa egin ziolarik Rosarioko Centre Catalá-ko lehendakari Angel Perellari. Aste honetan ere, igandekoa eta gero, oihartzun eta isla handiagokoa jasoko dute euskal komunitatearen emankizun eta agerkarietan.
Igandetik aurrera biderkatu egin dira batez ere sare sozialetan Kataluniako egoerak bizi duen segimendua euskal diasporaren aldetik eta ugaritu egin dira arbuiatze mezuak Espainiako Gobernuak Kataluniarekiko hartutako jarreren aurrean, batzuetan igandean gertatutakoa gaitzetsiz eta beste askotan horrekin batera gobernu espainiarraren jarrera osoa Kataluniako Legebiltzar eta Gobernuaren erabakien aurrean ezetsiz eta bertako herritarren bozkatzeko eta erabakitzeko eskubidea aldarrarrikatuz.