euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako eskola teknikoek bi fresatzeko makina jaso dituzte Eusko Jaurlaritza eta euskal etxeak medio

2008/02/28

Makina Las Floreseko eskolara heltzean
Makina Las Floreseko eskolara heltzean

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketa Zuzendaritzaren bitartez, bi fresatzeko makina eman die Argentinako bi eskola teknikori, ikasleen heziketan eta trebakuntzan laguntzeko. Eskolak Las Flores hiriko 1go Eskola Teknikoa eta Fontanako 19. Lanbide Heziketarako Eskola dira. Dohaintza hauek euskal etxeen eta Argentinako Euskadiren ordezkaritzaren laguntza izan dute.
Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza Sailaren bitartez, bi industri makina eman dizkio Argentinako beste hainbeste eskola teknikori, bertako euskal etxeek eta Argentinako Euskadiko ordezkaritzak lagundutako ekimenean. Joan den otsailaren 20ean Las Flores hiriko 1go Eskola Tekniko Industrialak fresatzeko makina bat jaso zuen, orain arte erabili duten makina zaharra ordezkatzeko, Loretako Euskaldunak Euskal Etxetik EuskalKultura.com-i jakinarazi zaionez. Dohaintza honi esker aste gutxio barru ikasturte berriko klaseak hasten direnerako ikasleek teknologia berrienetan oinarrituriko ikasketak egin ahal izango dituzte, azaldu dute iturri berberek.

[Goiko irudian Graciana Goicoechandia, Las Flores-eko Euskal Etxeko presidentea eta José Ramón Arce zuzendaria, fresatzeko makinari estalkiak kentzen]

Beste makina bat, Chacora

Bigarren makina bat Fontanako 19. Lanbide Hezkuntza Eskolarentzako izan da. Fontana, Chaco probintziako hiriburu den Resistencia-tik 10 kilometrotara dagoen hiria da eta 60.000 biztanle inguru ditu. Eskolak 25 irakasle eta 670 ikasle dauzka eta bertan lanbide mota desberdinak irakasten dira: baratzaintza, artisautza, elektrizitatea, larrukigintza, zurgintza edo mekanika, besteak beste. Gazteen lanbide heziketa oso garrantzitsua da Fontanan, azken hamarkadetan fabrika asko itxi dituztelako eta hiriak ekonomiaren birmoldaketa prozesua bizi duelako egun, azaldu du bertatik Fabio Echarrik.

[Goiko irudian Fontanako eskolako ordezkariak-eta fresatzeko makina noiz helduko zain, eskolaren atarian]


Lotura interesgarria

Las Floreseko Euskal Etxea Rosaseko karroza desfilean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko otsailaren 27an

Aita Donostiaren musika Chacon, Musika Eskolaren alde
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 22an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia